Elkarrizketak

Helene Alberdi: "Sarri oreka mantentzen lagun dezake muga dirudienak"

Maria Maya Manterola | Gorka Eizagirre 2025ko mar. 5a, 09:20

Afizioz triatleta eta ofizioz medikua. Hala dio berak. Dena den, goi mailan lehian aritu da azken urteotan Helene Alberdi (Bilbo, 1991). Gauza asko da, tartean, ama ere bai.

Garate gain (Getaria) inguruotan askotan entrenatzen duzu.

Bai, Zumaian bizita, askotan etortzen gara hona. Entrenatzeaz gain, Getariako Triatloian ere aldapa hau igotzen dugu lehian, eta Zarauzko Triatloian ere hemen inguruan ibiltzen gara. Asko gustatzen zaidan txokoa da, eta egia esan, toki berezia da elkarrizketa egiteko.

Lehen haurdunaldian ia erditu arte egin zenuen kirola. Bigarren hau nolakoa ari da izaten?

Haurdunaldi hau desberdina izaten ari da. Lehenengo hilabeteetan arazotxo batzuk izan nituen, eta atseden hartu behar izan nuen. Pixkanaka entrenatzen hasi nintzen gero, eta orain ari naiz mugitzen. Entrenatu baino, ariketak egiten ditudala esango nuke. Beste era batera ari naiz, baina pozik nago.

Goi mailako kirola eta amatasuna bateragarriak direla erakutsi duzu. Baina laguntza beharrezkoa izango da, ezta?

Bateragarriak badira, eta lortu dute beste emakume askok ere, baina horrek ez du esan nahi zaila ez denik eta laguntzarik behar ez denik. Laguntza humanoa behar da: gurasoak, bikotekidea, lagunak... Eta, horrez gain, laguntza ekonomikoa ere bai, puzzle guztia bateragarria izan dadin.  

Zigortu egiten al da ama izatea?

Zigortu baino, muga bat izaten dela esango nuke. Asko hitz egiten dugu emakumezkoek eta gizonezkoek kirolean dituzten desberdintasunez. Triatloia kirol nahiko berria da, eta badirudi gizonezkoek eta emakumezkook sari ekonomiko berdinak ditugunez, berdintasuna dagoela. Hori ez da horrela. 

Erresistentzia kirol bat da, eta ni neu erresistentzia luzekoetan aritzen naiz. Errendimendurik onena 30 eta 40 urte artean izaten dugu, eta kasualitatez, adin tarte hori da ama izateko momenturik onena. Gure kirol ibilbideko momenturik onenean erabaki behar dugu ama izan edo ez. Amatasunaren aldeko hautua egitea apustu bat da kirol ibilbidean, ez dakizulako gorputzak nola erantzungo duen, ezta daukazun babesa izaten jarraituko duzun ere. Zigorra ez, baina muga garrantzitsua bada, bai kirolean jarraitzeko, bai ama izateko orduan.

Ama izan ondoren etorri zen zure ibilbideko momentu onena. Zarauzko Triatloia irabazi zenuen, besteak beste. Nola itzuli zinen indartsuago?

Ikerketek diote gorputzean aldaketa fisiologiko hainbat gertatzen direla horretan laguntzen dutenak: gorputzeko muskulatura indartu egiten da, biriken gaitasuna eta oxigenoa garraiatzekoa ere bai... Ez baduzu bestelako arazorik eta entrenamendu mailari eusten badiozu, onerako izan daiteke. Nire kasuan, edoskitzea mesedegarria izan zen. Arazo bat izango zela uste nuen, baina ohartu nintzen errendimendua hobetzen laguntzen zidala. Fin mantendu nintzen, kaloria asko galtzen nituelako, eta jariatzen diren hormonek, oxitozinak eta endorfinak, lagundu egin zidaten hobetzen. Erditu eta urte bat edo bira izan nuen nire ibilbideko errendimendu onena.

Triatleta eta medikua zara. Gauza askori uko egin behar izan al diezu?

Gustatzen zaidalako egiten dut. Argi dago ezin dela denetarik egin, nire egunak 24 ordu dituelako, beste guztienak bezala. Galdetzen didate nola egiten dudan: beste gauza asko egin gabe; afariak, poteoa, parranda... Auskalo noiz egin nuen azken parranda. Eta bai, gogoa izan dezaket, baina hainbeste betetzen nau egiten dudanak... Bide hau hartzea erabaki dut, eta gustura nago. Lana egiteko, haurrarekin egoteko eta kirola egiteko, ezin dut beste ezer ere egin.

Ama izateak lagundu dizu kirolera onenean bueltatzen. Medikua eta triatleta izateak lagundu al dizu ama izateko orduan?

Uste dut gauza horiek guztiak batuta naizela ni. Ez nuke esango triatleta naizelako ama hobea edo okerragoa naizenik, baina nire bizitzako alderdi bakoitzak lagundu dit puzzle hori osatzen, eta naizen hau izaten. Askotan lana egiteak errendimenduan kaltea eragin dezake, baina beste alde batetik, presio gutxiagorekin joaten naiz lasterketetara. Profesionalak direnek txapelketan irabazi behar dute soldata, eta nik ez daukat presio hori. 

Amatasunarekin, berdin: askotan muga da kirola eta lana egin behar izatea, ez daukadalako denborarik, baina egiten dudana egiten zoriontsu naiz, eta garrantzitsua da haurrarentzat ere ama zoriontsu egotea eta berarekin dagoenean ama ondo egotea. Sarri muga dirudienak oreka mantentzen lagun dezake.

Etortzear dago zure ibilbideko momenturik onena?

Lehenengo haurdunaldiko esperientzia ikusita, badaukat itxaropena, baina badakit gauzak alda daitezkeela eta pikutara bidali beharko dudala dena. Apustu bat da, eta bikotekideak eta biok esperantza horrekin heldu genion apustu horri. Nik ilusioa badaukat onenera bueltatzeko, eta uste dut gauza politak egin ditzakedala oraindik. Baina egia da beharbada ez dela posible izango bueltatzea ere. Hori kudeatzen ari gara, ilusio handiarekin, baina jakitun bizitzak zer ekar dezakeen ezin dugula jakin.

Ainhoa Murua da zure entrenatzailea. Erreferentea ere bai?

Bai. Hemen inguruan [Garate inguruan] ibiliko da orain beharbada... Zorte handia daukat, entrenatzailea izateaz gain ama izan zelako ni baino hiru urte lehenago, eta prozesu hau guztia berak lehen pertsonan bizi izan zuelako. Haurdunaldian, erditzean eta erditze ostean asko lagundu zidan zer eta nola egin nezakeen gomendatzen. Lortu ditudan emaitza guztiak bere ondotik lortu ditut. Aste Santuan ere elkarrekin goaz oporretara. Niretzat zorte handia da bera aldamenean izatea bai kirolean, eta baita bizitzako etapa honetan ere. 

Ikusgarritasun handiagoa eman behar al zaie emakume kirolariei?

Duela pare bat aste kalean grabatutako bideo bat ikusi nuen telebistan: kazetariak herritarrei eskatzen zien aipatzeko nor zen burura etortzen zitzaien lehen kirolaria. Hamazazpitik hamasei ziren gizonezkoak. Zergatik gertatzen da hori? Telebistan gizonezkoen kirola ageri delako albistegietan, irratian eta egunkarietan. Gero eta gehiago gara emakumezkoak, baina jarraitzen dena gizonezkoen kirola da. Gaur egun oraindik erreferente gehienak gizonezkoak dira. Horregatik indartu behar da emakumezkoena, eta ikusgarritasuna eman, gazteek emakumezko erreferenteak ere izan ditzaten. Ni haurra nintzen garaiarekin alderatuta, gehiago dira orain, baina arrakala handia dago. 

Nolakoa da zure egunerokoa?

Arratsaldez egiten dut lan. Semearekin egoten naiz goizetan, eta etxea txukundu, erosketak egin eta kirola egiteko aprobetxatzen dut. Goizo bazkaldu eta lanera joaten naiz. Itzultzean afaldu, eta ohera. Murrizketa daukat lanean, eta haurdun ez nengoenean, murrizketa horri esker, fundamentuz entrenatu ahal izaten nuen goizetan, eta semearekin egon arratsaldeetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide