Balenciaga ontziolako lan gatazka

Sinatu dute Balenciagak duen zorraren kitapenaren akordioa

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 13a, 15:57

Balenciagan egindako ontzi bat Zumaia uzten. (Juan Luis Romatet)

Hartzekodun guztiek onartu dute enpresak haiekin zuen zorra kitatzea. Mikel Jauregi Industria sailburuak iragarri duenez, Balenciagaren hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak ontzat eman du akordioa. Eusko Jaurlaritza inbertitzaile posibleekin negoziatzen ari da. Langileen batzordeak Eusko Legebiltzarrean agertzea eskatu du, bestalde. 

Argi izpiak agertu dira Balenciaga ontziolaren orain arteko etorkizun beltzean. Hartzekodunek ontzat eman dute Zumaiako enpresak haiekin duen zorraren kitapena, eta gaur sinatu dute aldeek akordioa. Akordio hori Balenciagako hartzekodunen lehiaketaren administratzaileari aurkeztu diote, eta jaso dute haren oniritzia. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak iragarri duenez, ontziolako etorkizuna bermatu dezaketen inbertitzaile batzuekin hizketan hasiak dira dagoeneko.

Gaur sinatutako akordioa ez da nolanahikoa; izan ere, hartzekodun guztiek onartu dute enpresak haiekin zuen zorra kitatzea. Jauregiren esanetan, horrek Balenciagaren egungo egoera desblokeatzea ekarriko du. Halaber, ohar baten bidez, hartzekodun guztiek egoeraren aurrean erakutsi duten jarrera eskertu du sailburuak. Jauregiren esanetan, akordioa "oso albiste ona" da; izan ere, hitzarmenak orain arte blokeatuta egon den ontziolaren etorkizunerako bide itxaropentsua irekitzeaz gain, inbertitzaile posibleekin martxan duten negoziazioan urratsak ematea ahalbidetu du.

Balenciagaren etorkizuna bermatu dezaketen inbertitzaileak aurkitzea izango da, hain zuzen, hurrengo pausoa. Sailburuak azaldu duenez, ontziolaren etorkizuneko proiektua bermatuko duten inbertitzaile posibleekin negoziatzen ari dira duela hilabete batzuetatik. Negoziazioak gidatzeko ardura Andoitz Korta Industria Sustapenerako sailburuorde zumaiarra buru duen taldeak hartu du, Jaurlaritzak iragarri duenez. Puntu honetara iritsita, aferan inplikatuta dauden alde guztiei "zuhurtasuna eta diskrezioa" eskatu dizkie Jauregik, negoziazioek emaitza onak eman ditzaten. 

Legebiltzarrean hitzordua

Bere aldetik, Balenciagako langileen batzordeak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du, beharginek bizi duten egoeraren berri emateko eta erakundeei lantegiaren etorkizuna bermatzera bidean inplikazioa eskatzeko. "Duela bi aste Gipuzkoako Batzar Nagusietan egon ginen, eta orain, Eusko Legebiltzarrean agertzea eskatu dugu", adierazi dio batzordeko ordezkaritzak Zumaia Gukari. 

Langileak ez dira geldirik egon egun hauetan. Horren erakusle da, adibidez, langileen batzordean ordezkatuta dauden sindikatuetako ordezkariek atzo hartzekodunen lehiaketako administratzailearekin egitekoak ziren bilera. Langileek Gukari esan diotenez, baina, bilera bertan behera geratu zen administratzailearen agenda kontuengatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide