Balenciaga ontziolaren etorkizuna bermatuko duen negoziazioekin jarraitzen dute. Zumaiako enpresak haren hartzekodunekin duen zorra kitatzeko akordioa sinatu zuten duela bi aste, enpresarako balizko inbertitzaileak lortzeko aukerak handituz. Horretarako bazegoen epe muga bat, eta datorren astelehena, martxoaren 31, zen hori. Egun horretan bukatuko zen enpresako lantaldearen aldi baterako erregulazioa.
Data hori hurreratzen ari dela ikusita, eta inbertitzaile horiekin izandako negoziazioek oraingoz fruiturik ematen ez dutela ohartuta, ontziolako alderdiek, enpresa batzordea barne, erregulazioa beste 30 lanegunez luzatzeko eskatu diote hartzekodunen konkurtsoko administratzaileari. Eskatutako neurria onartuko balu, enplegu-erregulazioko espedientea maiatzaren erdi aldera arteko luzatuko litzateke, era horretan, inbertitzaileei beraien eskaintzak aurkezteko epe handiagoa emanaz.
Enpresaren zorra kitatzeko akordioaren berri eman zuenean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi zuen Balenciagaren etorkizuneko proiektu industrial bat bermatuko luketen inbertitzaile posibleak bazeudela, baina diskrezioz jokatu behar zela.