Ekainaren 21ean eta uztailaren 5ean hasiko da, hurrenez hurren, arraun denboraldia Zumaiako senior mailako gizonezko eta emakumezkoentzat. Mutilek Astilleroko (Kantabria, Espainia) uretan egingo dute KAE1 mailako aurtengo estreineko estropada, eta neskek Euskotren Ligako Bilboko bandera jokatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Horretarako, bada, prest ditu Telmo Deun Arraun Elkarteak traineru, arraunlari eta talde teknikoak, eta horien guztien aurkezpena egin zuen atzo Saregile plazan, jendearen begiradapean.
Emakumezkoen entrenatzailea da denboraldi honetan ere Joxe Enrike Kike Manterola, eta hark atzokoan azaldu zuenez, negua "polita" izan da. "Badakigu lanak ondo egin beharko ditugula aurkariei irabazteko, baina denboraldirako ilusioa dugu, eta gure helburua mailari eutsi eta gozatzea izango da", gehitu du.
Gizonezkoen kasuan, Rufo Urtizberea izango da entrenatzaile berria. Donostiarraren emakumezko entrenatzailea izan da bera azken urteotan, baina Zumaian ariko da aurten. Bere hitzetan, "detaileek erabakiko dute aurtengo liga", eta horregatik, ahal diren xehetasun guztiak "findu" beharko dira emaitza onak lortzeko.
Beste kideei ere aipamena
Talde nagusiez gain, infantil, kadete, jubenil eta beterano mailetako kirolariei ere aipamena egin zieten atzokoan, eta neguko denboraldian lortutako emaitzak errepasatu zituzten.
Ekitaldia borobiltzeko, Jon Maiak bertso batzuk eskaini zizkien Telmo Deuneko kideei.