Larunbatean Donibane Lohizunen (Lapurdi) jokatu zituzten ETE eta KAE1 ligetako estropadak, eta gizonezkoetan bandera Santurtzik eraman zuen beste behin. Goiko postuetako traineruen artean lehia handia egon zen, Zarautzek segundo erdi batengatik ez zuelako bigarren postua eskuratu –Arkotek hartu zion aurrea–, eta Zumaiak ere lehia bizi-bizia izan zuelako Zarautzekin nahiz Astillerorekin. Laugarren postua eskuratu zuen Telmo Deunek, ehuneneko batzuengatik aurre hartuta Astillerori. Zarautzengandik bi segundora baino ez zen gelditu, gainera.
Igandean ere antzekoa gertatu zen Portugaleteko itsasadarrean: bandera Santurtzirentzat izan zen –orain arte jokatutako guztiak irabazi ditu–, eta Zumaiak ere estropada ona egin zuen, eta ehuneneko batzuengatik galdu zuen hirugarren postua; Astillerok hartu zion aurre justu-justu. Zarautzek lan bikaina egin, eta bigarren helmugaratu zen, Astillerori hamabost segundoko tarte ederra aterata.
Datorren asteburuan bi hitzordu izango dituzte ETE ligako traineruek, eta bakarra, KAE1ekoek. Azken horiek eskualdean jokatuko dute estropada, Zumaian. Igandean izango da hitzordua, uztailaren 6an, 12:00etan hasita. Aurrez, ETE ligakoak ariko dira, 11:00etan.