Saregileek etzi hasiko dute ibilbidea Euskotren ligan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 3a, 15:00

Zumaiako arraunlariak, duela pare bat aste Saregile plazan egindako aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Pasa den denboraldian lortu zuten Telmo Deun arraun elkarteko emakumeek goren mailara bueltatzea, urte askoan ETE ligan aritu eta gero. Bilbon izango dute lehen estropada, larunbatean.

Iristear da arraun zale asko itxaroten ari ziren eguna: Euskotren eta Eusko Label ligak hastear dira, eta hemendik aurrera, asteburuero uretan ikusiko dituzte Getariako eta Orioko gizonezkoen ontziak, baita Orioko eta Zumaiako emakumezkoenak ere. Azken horientzat, gainera, momentu ezin bereziagoa izango da etzikoa, hainbat urtez aritu baitira ETE ligan lehian, Euskotrenera igotzeko borrokan. Iaz lortu zuten, eta zapatuko Bilboko itsasadarrean beren onena ematera aterako dira.

Aurreneko estropada hori erlojupekoa izango da, eta 17:20ean hasiko da arraunean lehenbiziko ontzia. Zumaiarrekin eta oriotarrekin batera, Arraun Lagunak, Hibaika, Tolosaldea, Donostiarra, Astillero eta Hondarribia lehiatuko dira gorengo mailan.

Eusko Label ligakoak uretaratuko dira ondoren, 18:16an hasita. Arraun Lagunak da faborito emakumezkoetan, eta Orio, gizonezkoetan. Bihartik aurrera ikusiko da aurreikuspenak betetzen ote diren.

Egutegian, aldaketak

Bestalde, antolakuntzak zenbait aldaketa egin du aurten egutegiari eta estropada eremuei dagokienez. Esaterako, bi ligak Bilbon hasiko dira Galizian beharrean; abuztuan jokatuko dituzte estropadak han.

Beste aldaketak Euskotren ligari eragiten dio, orain arte Zarauzko Ikurrinarekin amaitzen baitzuten denboraldia emakumezkoek. Aurten, ordea, Getariako Ikurrinarena izango da azken estropada, abuztuaren 24an. Bezperan, Ondarroan (Bizkaia) lehiatuko dira.

4: harrobiko arraunlariak ontzian

Urtez urte ontzietan harrobiko arraunlari gehiagok egin beharko du arraun: iaz hiru zen gutxieneko kopurua, aurten lau izango da, eta datorren urtean, berriz, bost.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide