Herritarren aurrean lehiatuko da 'Telmo Deun' igandean

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 4a, 14:36

'Telmo Deun' traineruan arituko den arraunlari taldea. (Mireia Galarza Bastida)

ETE eta KAE1 ligetako traineru estropadak jokatuko dituzte igandean Zumaian. Emakumeen arraunketa saioa 11:00etan hasiko da eta ordubete beranduago gizonena. Azken horretan arituko da Zumaiako Telmo Deun saria. Horren harira, herriko balkoiak eta leihoak gorriz janztea eskatu du arraun elkarteak.

Traineru estropadak jokatuko dituzte igandean, eguerdi partean, Zumaian. ETE ligarako puntuagarria den Zumaiako Emakumezkoen VIII. ikurrina jokatuko dute lehenbizi eta KAE 1 ligarako puntuak emango dituen gizonen Zumaiako XL. ikurrina ondoren. Biak ala biak itsasoan jokatuko dira, Zumaiako estropada eremu berezian.

Emakumeen arraunketa saioa goizeko 11:00etan hasiko da. Hiru kaletara jokatuko dute, bi luzerekin eta ziaboga bakarrarekin. Guztira 1,5 itsas milia egin beharko dituzte (2.778 metro). ETE liga jokatzen ari diren bederatzi klubak izango dira igandean Zumaian, hiru txandatan banatuta. Gaur egun, San Juan eta Zarautz daude sailkapeneko buruan, eta ikuskizun ederra eskainiko dutela aurreikusi daiteke. Bezperan Sestaon izango dute hitzordua, eta estropada hark hautsiko du berdinketa.

Ordubete beranduago, eguerdiko 12:00etan, hasiko da KAE 1 ligako bosgarren jardunaldiko arraunketa saioa. Gizonen ontziak launaka arituko dira, hiru txandatan banatuta. Hiru itsas mila egin beharko dituzte, lau luzerekin eta hiru ziabogarekin. Orain arteko lau estropadetan lortutako emaitzen arabera osatuko dituzte txandak. Sailkapenean laugarren den Zumaia ohorezko txandan arituko da, lider den Santurtzi, Arkote eta Zarautzekin batera. Jokatutako estropaden arabera, badirudi Santurtzi koska bat gorago dagoela, baina beste hiruen artean berdintasuna da nagusi. Horren adibide da sailkapenean 37 puntutara berdinduta daudela. 

Leihoak eta balkoiak girotzeko gonbidapena

Igandean jokatuko duten estropada dela eta, herriko balkoi eta leihoak gorriz janztera animatu ditu Telmo Deun arraun elkarteak. Banderak klubean salgai dituzte, eta egunean bertan aipatu banderak eta kamisetak saltzeko denda txiki bat ere jarriko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide