Batzuentzako ez zen hala izango, baina askorentzako bai. Zumaia-Deltecok ezusteko galanta eman du gaur Euskotren ligari hasiera eman dion estropadan. VII. Bilboko Bandera jokatu dute gaur arratsaldean Ibaizabalen, erlojuaren aurka egin duten estropadan, eta hirugarren postu bikain bat lortu du Saregileak traineruak.
Lehen txandan aritu da Zumaia-Deltecok debuteko estropada honetan. Bere txandan aurkari izan ditu Astillero, Hibaika eta Hondarribia. Bizkor atera dira zumaiarrak, eta ziabogan azkarrenak izan dira, 5:45 denborarekin. Laurak ere bost segundoren bueltan zeuden, eta zumaiarren atzetik Astillerok, Hibaikak eta Hondarribiak orden horretan eman dute buelta.
Itzulerako luze galanta egin dute Kike Manterolak entrenatutako emakumeek. Bere aurkariekiko aldea handituz joan da. Ez hori bakarrik, zortzi ontzien artean luze azkarrena markatu du Zumaiak-Deltecok. Hala, 10:50,80 denborarekin irabazi du bere txanda, Hibaika (10:54,42), Astillero (10:58,72) eta Hondarribia (11:02,92) traineruen aurretik. Egindako lanarekin, gainera, ohorezko txandan aritu diren bi ontzi ere, Tolosaldea eta Donostiarra, atzean utzi dituzte saregileek. Bandera irabazi duen Arraun Lagunak eta Orio bakarrik geratu dira aurretik.
Gaur Bilbon egindako lanari esker, sei puntu lortu ditu Zumaia-Deltecok Euskotreneko lehen hitzorduan. Bihar goizean, 11:25ean, Sestaon izango dute estropada. Sestaoko Udalaren IV. bandera izango da bihar jokoan.