Sestaon jokatu dute gaur Euskotren ligako bigarren jardunaldia. Sestaoko udalaren seigarren bandera zegoen gaur jokoan, eta bezperan ez bezala, gaur lineako estropada izan da. Bi txandatan banatu dira ligako zortzi klubak, eta atzo lortutako emaitza bikainari esker –hirugarren izan zen Zumaia-Delteco Bilbon jokatutako estropadan–, ohorezko txandan aritu da Zumaiako Saregileak trainerua.
Kale zozketan ez dute zortea alde izan, eta bigarren kaletik egin behar izan dute arraun. Adituen arabera, kale hori da Sestaoko estropada eremuko txarrena. Zumaiarrak atzean geratu dira lehen luzean, eta bosgarren postuan eman dute ziaboga, lehen txandan aritutako Hibaikak zumaiarrek baino denbora hobea egin baitu. Bueltako luzean postuak mantendu dira, eta bosgarren postuan amaitu du estropada Zumaia-Deltecok. Irabazlea, atzoko arraunketa saioan bezala, Donostia Arraun Lagunak izan da: 46 ehuneko besterik ez dira izan donostiarren eta bigarren egin duen Orioren artean.
Bi estropada jokatuta, Zumaia-Delteco laugarren da sailkapen orokorrean, 10 punturekin. Altxor polita lortu dute saregileek Euskotren ligarako itzulerako lehen asteburuan.
Datorren asteburuan ere bi estropada izango dituzte. Lehena larunbatean jokatuko da, Donostian, IX. Fabrika bandera, eta bigarrena Zierbenan, igandean, IX. Petronor Bandera.