Ezustekoz betetako Zumaiako traineru bandera jokatu dute gaur goizean itsasoan, Talaimendi eta Zumaiako barra artean diseinatutako estropada eremuan. Lehen ustekabekoa estropadaren formatu beran egon da. Izan ere, antolakuntzak arazoak izan ditu balizak jartzerako orduan. Ostiralean hasi ziren estropa eremuko balizak jartzen, eta ezinezkoa izan zaie laugarren baliza bere tokian jartzea.
Ikusita hiru baliza besterik ez zeudela irteera/helmuga puntuan, goizean egindako ordezkarien bileran estropada lineakoa izan beharrean, erlojuaren aurkakoa izatea adostu dute. Hala egin dituzte emakumeen zein gizonen estropadak. ETE ligari dagokionez, bederatzi ontziak txanda berean aritu dira, minutu bateko tartearekin bata eta bestearen artean. Gizonen kasuan, seiko bi multzotan banatu dituzte, eta bi txanda izan dira.
Itsasoa mugitua zegoen emakumeen estropada hasi denerako, eta trapaia handitu egin da orduak aurrera egin ahala. ETE ligako estropadan Zarautzek nagusitasunarekin irabazi du, atzo Sestaon egin bezala. Atzo bezala, Kaiku sailkatu da Zarautz eta orain arte aurkari nagusi zuen San Juanen artean. Zarautzek 11:43,03 denbora egin du. Kaiku izan da bigarren 11:55,09 denborarekin, eta hirugarren San Juan, 11:58,76 denborarekin. Hala Zarautzek denboraldiko laugarren bandera astindu du, eta sailkapenean aldea zabaldu du aurkariekin: 52 puntu ditu Enbatak, 48 San Juanek eta 43 Kaikuk.
Itsasoak okerrera
Gizonen estropada heldu denerako itsasoaren egoerak okerrera egin du. Hasi aurretik, aste honetan zendu den Sabin Yereguiren aldeko minutu bateko isilunea gorde dute. Behin irteera emanda, traineruek nahikoa lan izan dute itsaso mugituan balizetara heltzeko. Datu batek garbi uzten du gaurko estropadan bizitakoa: orain arte dominatzailea garbia zen eta jokatutako lau banderak irabazi dituen Santurtzi zortzigarren izan da Zumaiako hitzorduan. Haren atzetik borroka bizian zeuden hiru ontzietatik bakarrak lortu du aurreko postuetan egotea, hirugarren egin duen Zarautz, hain zuzen. Arkote bosgarren izan da, eta etxean aritu den Zumaiak hamargarren postuarekin konformatu behar izan du.
Trapaia artean, lehen txandan aritu den Pedreña izan da irabazlea, 22:54,54 denborarekin. Bigarren Duesto izan da (23:13,49), eta Zarautz hirugarren (23:17,15).
Estropada gorabeheratsu horren ondoren, Santurtzik jarraitzen du buruan, 53 punturekin; Zarautz da bigarren, 47 punturekin, Arkote hirugarren, 45 punturekin, eta Zumaia laugarren, 40 punturekin.