Asteburuan hasi dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta emakumezkoetan, Oriok eta Zumaia-Deltecok eman dute ezustekoa, eta onerako, gainera; izan ere, inork gutxik uste zuen banderagatik borrokan arituko zirela oriotarrak, eta Zumaia-Deltecori dagokionez, berriz, larunbatean Bilbon sekulako estropada eginda hirugarren sailkatu zen ontzia, eta hori ere ez zegoen aurreikuspenen artean. Igandean bosgarren izan ziren saregileak, baina kalearekin ez zuten zorterik izan, eta kontuan hartu beharrekoa da hori ere. Izan ere, bigarrenetik egin zuten arraun Sestaon, eta adituen esanetan, kale hori da okerrena.
Gukak Jule Egiguren arraunlariari eskatu dio aurreneko bi estropaden balorazioa, eta oso gustura agertu da hori egindako lanarekin: "Balorazioa oso positiboa izan da. Bagenekien bi estropada oso gogor izango zirela biak errioan zirelako. Bilbora urduri joan ginen, uste genuelako denbora tarte txikian traineru asko sartuko zirelako, baina ezustean hirugarren postua eskuratu genuen, atzekoari segundo batzuk aterata, eta alde horretatik oso gustura gaude, ikusi genuelako gure lana eginez gero gai garela txalupa bat baino gehiago atzean uzteko".
Larunbateko estropadan egindakoak iganderako "indarra" eman ziela esan du zumaiarrak. Ohorezko txandan atera ziren, "aurkari gogorrenekin eta ez kalerik onenetik", eta estropada erlojupeko bat bezala hartu zutela azaldu du, aurreko txandakoen denborak hartuta erreferentziatzat. "Estropda oso ona" egin zutela uste du, atzetik hiru traineru uztea lortuta, eta "oso gustura" daudela gaineratu du.