Bosgarren bukatu dute saregileek Donostiako uretan

Aritz Mutiozabal 2025eko uztailaren 12a

Saregileak joan den asteko Sestaoko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Tolosaldeak irabazi du IX. Fabrika Bandera, eta zumaiarrak irabazleengandik 26 segundora geratu dira. Laugarrenak izan dira ohorezko txandan, baina Hondarribiak denbora hobea egin duenez, bosgarren postuan bukatu du jardunaldia.

Donostiako badian jokatu dute larunbateko jardunaldia Euskotren Ligako traineruek. Emakumezkoek IX. Fabrika Bandera izan dute jokoan, non lehia porrokatu bezain ikusgarri baten ostean, Tolosaldeak erdietsi duen garaipenaren trapua. Hasieratik jarri da buru ohorezko txandan, eta halaxe bukatu du, 12:00,48ko denbora eginez. Zumaia, aldiz, laugarrena izan da, irabazlearengandik 26 segundora; irteera ona eman badiote ere, saregileak atzean geratzen joan dira pixkanaka-pixkanaka.

Ziabogara iristerako, Tolosaldea, Orio eta Arraun Lagunak ontzien atzean geratu da, 7-8 segundoko atzerapenarekin. Itzulerako luzean donostiarrekin lehiatzeko gai izan zitekeela erakutsi du, baina olatuak tarteko, gauzak ez zeuden mirari askotarako. Azkenean, aurkari zuzenak ere hamar segundo atera dizkio, eta laugarren postuan iritsi da. Gaurko sailkapenean, baina, bosgarren bukatu du: lehen txandako garaile izan den Hondarribiak denbora hobea egin du, eta hark hartu du laugarren tokia.

Estropadari dagokionez, Oriok ez dizkio gauzak horren erraz utzi Tolosaldeari. Atzetik aurrerako estropada egin dute oriotarrek, eta ziabogan, maniobra egiten arazoak izan dituen Tolosaldearen pare jarri da. Poparean, ordea, aldeak areagotu dituzte tolosarrek olatu bati esker. Oriok ez du amore eman eta bukaerara arte estutu du motorra. Azken metroetan, gainera, olatuak hartzen asmatu du, eta garaipena ere gertu ikusi du. Azkenean, ordea, bi segundora helmugaratu da bigarren postuan.

Bihar eguerdian, berriz, Zierbenan izango dute hitzordua, Petronor Banderan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide