KAE 1 mailakoek Plentzian jokatu zuten atzo ligako laugarren traineru jardunaldia, eta Itsasoko Amak parekorik ez duela erakutsi zuen beste behin. Nagusitasunez irabazi zuen bere txandan, 21:34,01eko denborarekin, eta ondorengo faboritoei –goiko postuetan dabiltzan ontziei– hamar segundotik gorako aldea atera zien. Zumaia bigarren izan zen, baina azken txanpan amets egiteko aukera utzi zuen, nahiz eta santurtziarrek koska bat gorago daudela baieztatu zuten azkenean.
Zumaia azkena izan zen lehen luzeko ziaboga ematen, sei segundo galduta Itsasoko Amarengandik. Hala ere, berehala erreakzionatu zuten, eta arraunketa serioa eginez, santurtziarren pare jarri ziren bigarren luzerako. Hirugarren luzerako aurretik ziren, eta ziaboga hartzerako bi segundoko abantaila zuen. Bandera irabazteko aukerak hor zeuden arren, Santurtzik egundoko itzulia egin zuen eta hamar segundoko alderik irabazi zuen.
Jardunaldiko sailkapenean Arkote izan zen hirugarren, eta Pedreña laugarren; Zarautz laugarren izan bazen ere hirugarren txandan, seigarren postuan amaitu zuen, Lapurdiren atzetik. Ondorioz, ligako sailkapen orokorrean mugimenduak egon dira: Itsasoko Amak jarraitzen du buru, 65 punturekin, baina Arkotek bigarren postura igo da (55 puntu) eta Zarautz hirugarrenaera jaitsi (54 puntu); eta Zumaia laugarrena da, 51 punturekin.
Emakumeak denbora bertsutan
Atzo ohorezko txandan jokatu eta bosgarren sailkatu ziren Saregileak; joan den asteburuko erakustaldia ikusita, beharbada, emaitza apalagoa izan zen. Gaur, ordea, ez dute asmatu Zierbenan jokatutako Petronor Banderan, edota ez du zorte handiegirik izan. Zazpigarren bukatu dute sailkapenean, baina bosgarren postutik zortzigarrenenako ontziek denbora bertsua egin dute, ehuneko eskas batzuen aldea tarteko.
Arraun Lagunak izan da garaile, 10:45,10eko denbora eginez, eta Orio helmugaratu da ondoren, bost segundora, bere erregulartasuna berretsiz. Astillerok eman du ezuste, hirugarren postua bereganatuz lehen txandan nagusi izan eta gero; atzoko garaile Tolosaldeak laugarren tokia bereganatu du. Saltsa ondorengoen artean etorri da: Donostiarrak 11:03,92 egin du; Hibaikak, 11:04,04; Zumaiak, 11:04,34; eta Hondarribiak, 11:04:38. Parekotasun nabarmen-nabarmena, dudarik gabe. Lehia estutzen hasi den seinale izango da.
Sailkapen orokorrean, Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea dira lehen hiru sailkatuak, eta Zumaia dago laugarren, 16 punturekin. Atzetik, puntu bat gutxiagorekin, Hibaika kokatu da.