Helburua lortzeko beste zazpi puntu lortu ditu Zumaia-Delteco traineruak pasa berri den asteburuan. Euskotren ligara itzuli den kluba, mailari eustea du helburu nagusia, eta asteburuan jokatutako bi estropadetan lortutako puntuei esker, datorren urtean arrauneko lehen mailan jarraitzeko beste urrats bat eman du.
Larunbatean Pasaian aritu ziren, II. Gertu Eraikuntzak banderan. Erlojupeko estropada izan zen, eta joaneko luzean laugarren izan baziren ere (Tolosaldeatik segundu eskasera), itzulerakoan ez ziren hain ondo moldatu, eta lehen txandan aritutako Hibaikak sailkapenean aurrea hartu ziren. Ondorioz, bosgarren izan ziren saregileak Pasaiako hitzorduan.
Egun bat geroago, igande goizean, Orion izan zuten lana, Orioko XXV. Emakumezkoen estropadan, hain zuzen. Itsaso mugitua izan zuten arraunerako, eta lehen txandan aritu zen Zumaia-Delteco. Hondarribia hobeto moldatu zen itsasoaren egoera horretara, eta bere txanda irabazi zuen; Zumaia bigarren izan zen. Ohorezko txandako lau ontziek ere denbora hobeak egin zituzten Zumaia-Deltecok baino, eta seigarren amaitu zuten estropada.
Bi jardunaldiak jokatuta, bosgarren postura jaitsi dira saregileak. Hibaikak, 25 punturekin, hartu du zumaiarren lekua ohorezko txandan. 23 puntu dituzte Kike Manterolak gidatutako neskek. Zumaiarren atzetik Hondarribia dago, seigarren postuan, 18 punturekin.
Datorren asteburuan Getxon (Bizkaia) eta Castro-Urdialesen (Espainia) izango dituzte hitzorduak saregileek.
Asteburu kaskarra gizonentzat
KAE 1 ligan lehian ari den Zumaiako gizonen traineruarentzako ez da asteburu ona izan pasa den hau. Zarautzen larunbatean eta Gorlizen (Bizkaia) igandean aritu dira zumaiarrak, eta bietan ere lehen postuetatik urrun egon dira.
Biak ala biak erlojuaren aurkako estropadak izan ziren –Zarauzkoan binaka aritu ziren, Gorlizen banaka–, eta ezin izan zuten lanik onena egin zumaiarrek: hamargarren izan ziren Zarautzen eta zortzigarren Gorlizen.
Emaitza hauen ondoren, laugarren postuan jarraitzen du Telmo Deun ontziak, baina play offa jokatzeko aukera ematen duten postuak urrundu egin dira. 59 puntu ditu egun Zumaiak, eta bigarren den Arkotek 75 puntu.