Euskotren eta KAE1 ligetako bina estropada jokatu dituzte pasa berri den asteburuan Telmo Deun arraun elkarteko traineruak, eta arraunketa saioek emandakoaren balorazioa gehiago dago gazitik gozotik baino.
Emakumeek Getxon (Bizkaia) eta Castro-Urdialesen (Espainia) izan dituzte estropadak pasa den asteburuan. Larunbatean, Getxoko Estropaden XVII. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XXI. Omenaldia izan zuten jokoan Bizkaiko herrian, eta seigarren egin zuten saregileek. Igandean, berriz, Kantabriara bidaiatu zuten, IX. Bandera CaixaBank jokatzeko. Castroko uretan zazpigarren izan zen Zumaia-Delteco.
Asteburuan lortutako hiru puntuekin, bosgarren postuan jarraitzen du Zumaiako traineruak, 28 punturekin. Mailari eusteko helburua gero eta hurrerago dute, azken postuan dagoen Donostiarrari 11 puntu ateratzen dizkiolako. Hala ere, oraindik hamar jardunaldi falta dira liga amaitzeko.
Gizonak kanporatuak Santurtzin
Igandean Santurtzin (Bizkaia) gertatutakoak erabat aztoratu du Telmo Deun arraun elkartea. Larunbatean Pedreñan (Espainia) zazpigarren egin eta gero, Bizkaiko herrian zuten zumaiarrek KAE1 ligako hurrengo jardunaldia. Hirugarren kaletik aritu ziren gorriak bigarren txandan. Estropada amaituta, bosgarren denbora onena egin zuten Zumaiakoek. Hor etorri ziren, ordea, komeriak.
Hirugarren ziabogatik irtetean, palak ukitu zituzten Zumaiak eta ziabogara sartzen ari zen Astillerok. Zumaiako klubeko kideen esanetan, hiru segunduko zigorra jasoko zutela esan zien uretako epaileak arraunlariei. Ezustekoa behin estropada amaituta jaso zuten: lurreko epaileak Zumaiako trainerua kanporatzea erabaki zuen, haren esanetan, Astilleroko ontzia abordatu zuelako. Horren aurrean, bere desadostasuna erakutsi du Telmo Deun arraun elkarteak eta helegitea aurkezteko asmoa duela ere azaldu du.