Denboraldi hasieran jarritako helburua lortzeko pauso erraldoia eman du asteburu honetan Zumaia-Delteco ontziak. Euskotren ligako bi jardunaldi jokatu dituzte, Hondarribian larunbatean, eta Lekeition gaur, eta bietan ere laugarren egin dute saregileek.
Lehen txandan aritu zen atzo Zumaiako trainerua, eta Astillerok bakarrik lortu zuen Zumaiak baino denbora hobea egitea. Ez hori bakarrik, ziabogako unean denbora onena markatu zuen Telmo Deun arraun elkarteko traineruak. Itzulerako luzean ezin izan zion aldeari eutsi, eta segundo bakarrarengatik heldu ziren bigarren postuan, kantabriarren atzetik. Sorpresa ere izan zen estropadan, bigarren txandan aritutako Oriok eta Hibaikak zumaiarrek baino denbora okerragoak egin zituzten eta. Ondorioz, laugarren postu bikain bat lortu zuten saregileek Hondarribian.
Atzo izandako sentsazio onak berretsi dituzte zumaiarrek gaur Lekeition. Atzo laugarren eginda, ohorezko txandan aritu dira gaur Bizkaiko hitzorduan. Hasieratik indartsu atera dira, eta txanda hirugarren postuan amaitu dute, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen atzetik, eta Astilleroren aurretik. Lehen txandan ari den Oriok denbora hobea egin du, eta ondorioz, laugarren egin dute gaur ere saregileek.
Hamar puntu lortu ditu Zumaia-Deltecok sailkapen orokorrerako, eta laugarren postuan kokatu da, aurretik zuen Hibaika atzetik geratu da eta asteburuko bi estropadetan. 38 puntu ditu Zumaiak, 34 Hibaikak eta 32 Astillerok. Denboraldi hasieran ezarritako helburua, mailari eustea, gero eta hurbilago dute zumaiarrek.
Datorren astean Galiziarako bidea hartuko dute Euskotren ligak. Larunbatean A Pobra do Carabiñalen izango dute estropada, eta igandean Boiron, biak ere Arousako itsasadarrean.
Gizonetan bosgarren
Aurreko asteburu gorabeheratsuaren ondoren, sentsazio hobeak izan ditu gaur Telmo Deun traineruak Hondarribian jokatutako estropadan. KAE 1 ligako hitzordua izan da jokoan, eta zumaiarrek bosgarren postu on bat lortu dute. Bigarren txandan aritu dira, baina txandako azkarrena izan ere. Gero, ohorezko txanda aritu diren lau ontziek hobetu egin dute gorrien denbora. Hala ere, aurreko jardunaldietan izandako emaitzei buelta emateko gai izan dira gaur Telmo Deuneko arraunlariak.
Sailkapenean zazpigarren da Zumaia, 73 punturekin. Seigarren den Pedreña puntu bakarrera dute, eta laura San Pedro.
Datorren larunbatean, abuztuaren 9an, Kantabriarako bidea hartuko dute zumaiarrek. 17:00etan hasita, Camargon izango dute arraunketa saioa.