Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko neska-mutilek hiru estropada jokatuko dituzte asteburu honetan. Aurreneko hitzordua gaur 17:00etan dute KAE1 ligako gizonezkoek, Camargon (Espainia). Emakumezkoek pixka bat beranduago hasiko dute lehia, 17:25ean, etxetik urrunago, Pobra do Caramiñalen (Galizia). Bihar ere Galizian lehiatuko dira, Boiron, 11:25ean hasita.
Asteburu honetako estropadak kontatuta, Euskotren liga amaitzeko sei estropada falta dira, eta saregileak denboraldi fina ari dira egiten, laugarren baitaude sailkatuta, 38 punturekin. Hori bai, hirugarrena oso urruti daukate, Tolosaldeak 63 puntu baititu. Beraz, zumaiarrek behekoekin dute lehia, laugarren tokiari eusteko. Hibaika da bosgarren 34 punturekin, eta Astillero seigarren, 32rekin.
Gizonen ontziari dagokionez, zazpigarren dira, 73 punturekin, baina esku-eskura daukate seigarren postua, eta baita bosgarrena ere. Pedreña daukate aurretik, puntu bakarrera, eta San Pedro, laura.
Sailkapeneko puntuei erreparatuta, argi dago hemendik liga amaierara arteko estropada guztiak izango direla garrantzitsuak Telmo Deuneko neska-mutilentzat.