Mailari eustea izan da Telmo Deun arraun elkarteak emakumezkoen traineruarentzako jarritako helburua, Euskotren ligarako itzuleran, eta helburua betetzear daude saregileak. Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, 18 puntuko aldea ateratzen die Zumaia-Deltecok sailkapeneko azken postuetan dauden Donostiarrari eta Hondarribiari. Matematikoki oraindik ere ziurtatuta ez badago, ezusteko handi bat bat gertatu beharko luke sailkapena modu horretan iraultzeko.
Galizian jokatu dituzte pasa den asteburuan Euskotren Ligako bi jardunaldi, biak ere Arousako itsasadarrean: A Pobra do Caramiñalen larunbatean, eta Boiron igandean. Bietan ere ohorezko txandan aritu dira Kike Manterolak gidatutako emakumeak, eta bietan ere txandari dagozkion postuak lortu dituzte saregileek, laugarren izan baitira bi estropadetan.
Asteburuan lortutako hamar puntuei esker, sailkapeneko laugarren postuan egonkortu da Zumaia-Delteco, 48 punturekin. Bosgarren dagoen Hibaika zortzi puntura du Zumaiako traineruak, eta are garrantzitsuagoa, 18 puntura sailkapeneko azken postuetan dauden Hondarribia eta Donostiarra. Ezer arrarorik gertatu ezean, bi ontzi horien artean erabakiko da zer traineru jaitsiko den ETE ligara, eta zeinek jokatuko duen jaitsierako play offa.
Datorren asteburuan, larunbatean eta igandean, Zarauzko ikurrina izango dute jokoan.
Mutilak, hirugarren Kantabrian
KAE 1 ligako estropada ere jokatu dute pasa den asteburuan. Camargon (Espainia) izan zuten hitzordua larunbat arratsaldean, eta Zumaiak, duela aste batzutako sentsazio txarrak alde batera utzita, hirugarren postu bikain bat lortu zuen. Bere txandako azkarrena izan zen, eta ohorezko txandan aritu ziren Lapurdik eta Zarautzek baino denbora hobea egin zuen.
Liga amaitzeko hiru hitzorduren faltan, seigarren da Zumaia, 83 punturekin. Aurretik, bosgarren postuan, San Pedro du, puntu bat gehiagorekin.