Saregileena da ligako laugarren postua

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 17a

Zumaiao saregileak ziabogako unean, gaur Zarautzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Laugarren egin du Zumaia-Deltecok Zarauzko ikurrinako bi jardunaldietan, eta gaurko estropada saioan hirugarren postua hamar ehunekora geratu zaie. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, laugarren postuan egonkortu dira saregileak. 

Denboraldi hasieran akaso amestuko ez duten denboraldia ari da egiten Telmo Deun arraun elkarteko emakumeak. Mailari eustea zuten denboraldi hasierako helburua eta, ahal izanez gero, play offa saihestea. Helburua txiki geratu zaie denborarekin, eta denboraldi amaierara indartsu ari dira heltzen, atzo eta gaur Zarautzen ikusi ahal izan den bezala. 

Euskotren ligarako puntuagarria den Zarauzko XVII. ikurrina jokatu dute asteburuan Zarauzko estropada eremuan. Bi jardunalditara jokatzen den bandera izanik, ikurrinaren irabazlea bi egunetako denboren arabera erabaki dute. Jardunaldi bakoitzean ligako sailkepenerako puntuak ere banatu dituzte, eta hor altxor polita pilatu dute saregileek. 

Izan ere, Zumaia-Delteco laugarren izan da larunbatean zein igandean, bietan ere Orioko San Nikolarekin borroka estuan. Atzo traineru bateko aldea izan zen oriotarren alderako, baina gaurkoan photo finishak erabaki behar izan du bien artean zein izan den hirugarren eta laugarren. Azkenean, epaileek hamar ehuneko gehiago eman dizkiote Zumaiari, eta laugarren postuan amaitu du, non eta Zarauzkoa bezalako hitzordu garrantzitsuan. 

Zarauzko ikurrinaren irabazlea estropada eremuko marka berria ezarri duen Donostia Arraun Lagunak izan da, eta bigarren izan da Tolosaldea. 

Sailkapen orokorrean, ohorezko txandan egonkortu da Zumaia. Laugarren postuan da sailkapenean, 58 punturekin, eta atzetik zituen Astillero eta Hibaikarekiko aldea handitu egin du. Datorren asteburuan jokatuko dituzte saregileek aurtengo ligako azken bi estropadak, larunbatean Ondarroan, eta Getarian igandean. Etxetik hurbil ere, ahalik eta emaitza onena lortu nahiko dute, Kontxarako prestaketarik ekin aurretik.

Mutilak, zazpigarren

Telmo Deun trainerua zaletuak agurtzen, atzo Zarautzen. (Juan Luis Romatet)

Telmo Deun traineruak atzo izan zuen KAE 1 ligako estropada, Zarautzen. Zarautz Arraun Elkarteko ikurrina izan zen jokoan, eguerdi partean jokatu zuten arraunketa saioan. Aurreko asteburuan Camargon (Espainia) hirugarren egin eta gero, mutilek bazuten emaitza on bat lortzeko itxaropena, baina atzokoan ez zen posible izan.

Bigarren txandan aritu ziren, eta lehen ziabogarako hirugarren postuan ziren gorriak. Postu horretan amaitu zuten beraien txanda, eta ohorezko txandako ontziek zumaiarrek baino denbora hobea egin zutenez, zazpigarren izan ziren sailkapen orokorrean. 

Liga amaitzeko bi jardunaldi falta zaizkio Telmo Deuni. Larunbatean Bilbon izango dute estropada, eta igandean Castron. Azkeh hau pasa den ostiralean zen jokatzekoa, baina beroagatik bertan behera utzi dute. Ohorea izango dute jokoan, eta ahal dela San Pedrok sailkapenean ateratzen dizkion bi puntuak jatea eta taulan bosgarren postuan amaitzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide