Estropada ikusgarria eginda, Zumaiak eskuratu du XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina

Intza Trula 2025eko abuztuaren 23a

Zumaiako trainerua, gaurko estropadako garaipena ospatzen, Bilbon. (Utzitakoa)

Erlojuaren aurkako estropada jokatu dute arratsaldean KAE1 ligako ontziek, eta Zumaiak 11 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Itsasoko Amari.

KAE1 liga amaitzeko estropada bakarra falta den honetan, ezustekoa eman du Zumaiak, denboraldiko lehen bandera poltsikoratuz. Arratsaldean jokatu dute erlojuaren aurkako XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina, eta etxeko traineruak nagusitasun osoz eta sekulako estropada eginda irabazi du bandera.

Bigarren txandan jokatu du Telmo Deun ontziak, eta lehen luzearekin hasi orduko jarri dira estropadaren buru. 04:43ko denboran eman dute lehen ziaboga, lehenengo txandako irabazlea izan den Camargok baino 29 segundo bizkorrago, alegia.

Erritmo bizi horri eutsi diote etxekoek estropada osoan zehar, denboran atzetik zuen Itsasoko Ama traineruari ahalik eta tarte handiena atera nahian. Lanak bere fruituak eman ditu gaurkoan, eta Zumaiak 20:14,92ko denboran amaitu ditu lanak; Itsasoko Amak, berriz, segundo batzuk gehiago behar izan ditu helmuga zeharkatzeko, 20:25,70 izan baita bere denbora. 11 segundo geroago heldu da hirugarren sailkatua, Arkote.

Denbora ofizialak jakin bezain pronto hasi dute ospakizuna Zumaiako arraunlariek, ontzian bertan, eta guztiz hunkituta jaso dute bandera ondoren.

Sailkapen orokorrean bosgarren postuan da Zumaia, 101 punturekin, eta Itsasoko Ama da liderra, 150 punturekin. Lotura honetan ikus daiteke sailkapen osoa. Hain justu, bihar agurtuko dute denboraldia, Castron. LIII. Castroko Bandera izango dute jokoan, 16:00etan hasita. Azken hau beroagatik bertan behera utzi zuten duela astebete.

Neskak laugarren 

Neskek, bere aldetik, Ondarroan jokatu dute gaurko estropada, eta orain arteko maila mantenduz, laugarren amaitu dute. Ohorezko txandan irten dira ligako onenekin batera, Oriorekin, Tolosaldearekin eta Arraun Lagunakekin, eta haien atzetik ibili bada ere, lan txukuna eginda itzuli dira saregileak etxera. 

Lehen ziaboga bost minutu eta 38 segundotan egin dute, eta 11:01,32ko denboran amaitu dute estropada. Bere nagusitasuna erakutsiz, Arraun Lagunakek lortu du gaurko bandera, eta bigarren izan dira Tolosaldea eta Orio. Sailkapen orokorrari dagokionez, laugarren postuan jarraitzen du Zumaiako emakumezkoen traineruak, 63 punturekin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide