Emakumeen traineruak postua errepikatu du Getarian, eta gizonezkoek seigarren egin dute Castron

Intza Trula 2025eko abuztuaren 24a

Zumaiako emakumezkoen trainerua, Getariako estropadan, gaur goizean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaiako bi ontzi nagusiek gaur amaitu dituzte Euskotren eta KAE1 ligak: emakumezkoek laugarren egin dute Getarian, eta gizonezkoek seigarren postuan amaitu dute Castron jokatutako estropadan.

Amaitu dira ligak Zumaiako Arraun Elkarteko bi ontzi nagusientzat. Euskotren ligari dagokionez, goizean jokatu dute emakumeek beraien estropada, II. Getariako Ikurrina-Iparragirre 75 urte Sari Nagusia. Gizonezkoek duela astebete bertan behera utzitako proba jokatu dute Castron, eta LIII. Castroko Bandera izan dute helburu.

Euskotren ligan Tolosaldearen eta Arraun Lagunaken artean erabaki da lehen postua. Hasieran, Donostiakoak ibili dira bizkorrago, baina ziabogaren ondoren gertatu da aldaketa. Izan ere, atzoko arantza ateratzeko nahiarekin, lehen postuan jarri da Tolosaldea, eta berarena izan da bandera, helmuga 10:39,76ko denboran zeharkatuta.

10:42,24ko denboran iritsi da Arraun Lagunak, eta 10:49,72ko denboran amaitu ditu lanak Oriok. Zumaia fin ibili da bere mailan, eta atzoko postua errepikatu du: laugarren izan da, estropada 10:57,58ko denboran amaituta. Hemen ikus daiteke estropadako sailkapena osorik.

Tolosaldearen garaipenak eragin zuzena izan du sailkapen orokorrean. Izan ere, Tolosaldeak 8 puntu eskuratu izanak parez pare jarri du Oriorekin sailkapen orokorrean, biak 105 punturekin. Berdinketa hausteko irizpideetan lehenengoak ez du balio izan, bi taldeek baitituzte bina garaipen ligako estropadetan. Hurrengo irizpidearekin erabaki da, beraz, ligako bigarren postua: azken garaipena lortutakoak erdietsi du postu hori.

Horrenbestez, Arraun Lagunak da aurtengo Euskotren ligako txapelduna, Tolosaldeak eskuratu du bigarren postua, eta hirugarren eta laugarren egin dute Oriok eta Zumaiak, hurrenez hurren.

Liga amaituta, horrela geratu da sailkapen orokorra: 

  • 1. Donostia Arraun Lagunak: 120 puntu
  • 2. Tolosaldea Arraun Kluba: 105 puntu
  • 3. Orio Orialki: 105 puntu
  • 4. Zumaia Delteco: 68 puntu
  • 5. S.D Remo Astillero Eneryt Servicios: 50 puntu
  • 6. Hibaika Jamones Ancin: 49 puntu
  • 7. Nortindal Donostiarra: 42 puntu
  • 8. Hondarribia Bertako Igogailuak: 37 puntu

Gizonezkoak seigarren

Atzoko garaipenaren ondoren, indartsu ekin diote gizonezkoek LIII. Castroko Banderari. Arratsaldean jokatu dute KAE1 ligako azken proba, eta bigarren txandan uretaratu da Telmo Deun ontzia, Astillero, San Pedro eta Pedreña traineruekin batera.

Etxeko trainerua hasiera-hasieratik jarri da estropadaren buru, eta San Pedro oso gertu zuela egin du lehen ziaboga. Bigarrenean, ordea, aldea handitu du Zumaiak, eta eroso jarri da lehen postuan. Amaierara arte eutsi dio txandako bigarren sailkatuarekiko zuen tarteari, eta aise irabazi du, 21:39:09ko denbora eginda. 21:48:15ko denboran heldu da San Pedro, eta txandako hirugarren eta laugarren postuak Pedreñarentzat (22:03:35) eta Astillerorentzat (22:32:66) izan dira, hurrenez hurren.

Hala eta guztiz ere, hirugarren txandan geratu da gaurko bandera. Itsasoko Ama izan da guztietan azkarrena, eta Castroko bandera ez ezik, liga ere irabazi du Santurtziko traineruak. 21:05:30ko denboran heldu da txapelduna, eta jarraian egin dute Zarautzek (21:22:04), Arkotek (21:23:04) eta Lapurdik (21:45:43). Seigarren helmugaratu da Telmo Deun, 21:39,09ko denboran. Hemen ikus daiteke gaurko estropadako sailkapena osorik.

Itsasoko Ama da aurtengo txapelduna, 162 punturekin eta Zumaiak bosgarren amaitu du denboraldia, 108 puntu bilduta.

Liga amaituta, horrela geratu da sailkapen orokorra: 

  • 1. Itsasoko Ama: 162 puntu.
  • 2. Arkote: 148 puntu.
  • 3. Zarautz-Gesalaga Okelan: 138 puntu. 
  • 4. Lapurdi: 119 puntu.
  • 5. Sukia-Zumaia: 108 puntu.
  • 6. San Pedro: 103 puntu.
  • 7. Pedreña: 85 puntu.
  • 8. Astillero: 78 puntu.
  • 9. Deusto-Bilbao: 77 puntu.
  • 10. Hondarribia: 61 puntu.
  • 11. Camargo: 49 puntu.
  • 12. Castreña: 47 puntu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide