Nola baloratzen duzu Zumaiako traineruek egindako denboraldia?
Nota jarri beharko balitz, neskek bikain bat aterako zuten, eta mutilei ongi bat jarri beharko genieke. Irregulartasuna izan da, baina estropada oso onak ere egin dituzte. Urte nahiko positiboa izan da orokorrean.
Emakumeei dagokionez, denboraldi hasierako helburua Euskotren ligan maila eustea zen. Aise lortu dute helburua, sailkapenean laugarren eginez. Espero al zenuten emaitza hori?
Uste genuen baietz, mailari eusteko gai izango zirela, ez zutela jaisteko arazo hori izango. Egia da, oso jende gutxik esango zuela orduan laugarren izango zirela. Helburua hori zen, atzean bi ontzi uztea, eta hori lortu dute. Ligan hiru oilar handi daude, Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea, eta horien atzetik azkarrena izan da Zumaia. Balorazio oso positiboa egiten dugu.
Oilarrak izanda ere, hain urruti ez dira egon denboraldian zehar.
Ez, ez. Estropada batzuetan irabazle izan zen Arraun Lagunakengandik 13 segundora egon ziren. Hori astakeria bat da. Lehen onenen arteko berdintasuna izaten zen, eta haien atzetik hurrengoa minutu erdira heltzen zen. Hori orain ez da ikusi. Ikusi dena da laugarren izan den Zumaia lehen postutik segundo gutxira egon dela.
Atzekoak ere hortxe izan dira. Ez da inoiz alde izugarririk egon.
Maila hobetzen ari da eta gauzak estutzen ari dira. Arraun Lagunakek erraz irabazi du liga, baina izan dira irabazi ez dituen estropada dezente ere, Tolosaldeak eta Oriok irabazi dituztenak. Eta Zumaia Oriorengatik oso, oso gertu egon da. Emakumezkoen arraunean, behintzat, maila gorantz doa.
Lehen jardunaldian hirugarren izan zen Zumaiak. Horrek etorriko zenaren pista batzuk eman zituen.
Denontzako sorpresa izan zen. Nik uste arraunlari beraiek ere ez zutela espero emaitza hori. Bilboko ibaian izan zen, eta han ikusi ahal izan zen bakoitzaren potentziala zein izan zitekeen. Estropada oso ona egin zuten, eta hori ikusi zen Zumaia bazebilela neskatan.
Gizonen kasuan, zuk zeuk esan duzu denboraldi irregularra izan zela.
Ekaina oso ona egin genuen. Ekaina goian bukatu genuen, hirugarren edo laugarren postuan, igoerako play offa jokatzen aukera handiekin. Zumaiako estropada etorri zen, itsaso txarra zegoen, eta hor jaso genuen lehenengo zaplaztekoa. Itsasoan ondo ibili ez ginen beste estropada bat ere egon zen, eta gero Santurtziko estropada etorri zen. Hor ondo eman ziguten, kanporatu egin gintuzten eta. Uztaila ez zen ona izan, eta goiko postuetatik urruti geratu ginen.
Play offa jokatzea ezinezkoa bihurtu zen. Hor helburuak aldatu beharko zenituzten, ezta?
Behin [Santurtzin] kanporatuak izan eta gero, helburua hortxe geratu zen. Hortik aurrera, estropadaz estropada joan ginen, ahalik eta onenak eginez, eta irabazten saiatuz edo, behintzat, hurre egonez. Behintzat aho zapore hobea izateko, bai arraunlariek, bai zaleek ere.
Play offetik kanpo egoteak animo aldetik eragina izan zuen. Helburua garbia genuen, baina itsasoko estropada horietan ez ginen ondo ibili, eta gero errematea izan genuen Santurtzin. Hori zaplada izan zen guretzako.
Bitxia ere bada okerren itsasoan ibili zaretela, itsasoa izan denean Zumaiaren indargunea.
Aurten garbi geratu da kontutan hartzeko taldea izan garela ibaian. Itsaso txarrean ez gara ondo moldatu.
Denboraldi bukaeran izan duzue pozik handiena.
Bai, Bilboko bandera irabazita. Zumaiak bere lehen bandera trainerutan, 1981ean, Bilbon irabazi zuen, eta kluba bere 50. urteurrena betetzen ari dela Bilbon berriro irabaztea bitxia, berezia eta polita izan da.
Nola ospatu zenuten bandera irabaztea?
Aldeak nahiko handiak ziren. Azken ziabogan Santurtziri bederatzi segundo ateratzen genizkion, baina, hala ere, beraiek bukatu arte eta denbora ofizialak izan arte geldirik egon ginen, eta esan zigutenean Santurtziren denbora zein izan zen, hor hasi ginen builaka, ospatzen, besarkatzen eta barrenak asaskatzen, urte gogorra izan da eta. Poz handia izan da. Nik uste taldeak merezi zuela poz bat, zaplada batzuk jaso eta gero.
Kontxako estropada geratzen zaizue. Datorren astean dira sailkatze estropadak.
Nesketan Arraun dagoeneko sailkatuta dago, eta zazpi leku egongo dira jokoan. Zumaiak sartzeko aukera handiak ditu; estropada oso txar bat egin beharko zuten ez sartzeko, eta pentsatzen dugu estropada on bat egingo dutela, eta sartuko direla. Gizonetan saiatuko gara ahalik eta hobekien egiten. Itsasoan da, eta helburua izango da itsasoan estropada on bat egitea, gustura geratzeko eta ikusteko itsasoan ere ondo ibiltzen garela. Mutilentzako ez da erraza: liga amaituta dago, sailkatzen apenas dugun aukerarik eta deskonektatzeko arrisku handia dago. Zaila da egoera horretan entxufatuta segitzea.
Arraunlaria zara, baita klubeko presidentea ere. Zuzendaritza berriarekin hasi zinetenean helburua bazen herrian arraun giroa suspertzea. Lortu al duzue?
Nik uste baietz. Aurten aritu gara gehienbat arropa saltzen. Aurreko urtetan ez zegoen klubeko arroparik salgai, eta horretan aritu gara. Herriak erantzun dut, eta herritik kanpoko jende bat etorri zaigu kamiseta gorriaren bila, edo Saregileen kamiseta gustatu zaiela eta haren bila. Hor ikusten da aukera hori eskaintzen duzunean erantzuna badagoela. Urrian 50. urteurreneko bazkari bat egitekoak gara, eta nik uste jendeak erantzungo duela.

