Kontxako sailkatze estropadan Donostiako kaleak gorriz janztera deitu du Telmo Deunek

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 2a

Zumaiako saregileak. (Telmo Deun A.E.)

Bihar eta etzi arratsaldez jokatuko dituzte Kontxako estropadako sailkatze saioak. Horren aurrean, Zumaiako traineruak animatzeko deia egin du Telmo Deun arraun elkarteak. 

Traineru denboraldiko hitzordu esanguratsuenetakoa da iraileko lehen bi igandetan jokatuko duten Kontxako bendera. Hara sailkatzeko estropadak jokatuko dituzte bihar eta etzi Donostian: bihar emakumeen txanda izango da, eta gizonena igandean. Bietan arituko dira Telmo Deun arraun elkarteko ontziak, eta Euskotren ligan laugarren postuan amaitu duen Zumaia-Deltecok baditu sailkatzeko aukerak. 

Horren aurrean, eta arraunlariei indarra eta animoak emateko asmoz, estropadetara gerturatzeko deia egin du Telmo Deun arraun elkarteak. "Zumaia, palada bakoitzarekin batera, taupadaka ari dela erakusteko momentua ere iritsi da", mezua zabaldu dute arraun elkarteko kideek. 

Estropadetara Donostiara gorriz jantzita joatea ere eskatu dute. Kolore horretako kamisetak ez dituztenek, arraun elkarteak Itsas kiroldegian duen lokalaren kanpoaldean erosi ditzakete. "Harrotasuna erakusteko eta klubari laguntzeko modu ezin hobea da!".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide