Sailkapen estropadan ez zuten euren onena ematea lortu, baina Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatu du gaurkoan Telmo Deuneko emakumezkoen ontziak, eta garbi erakutsi dute borrokarako prest daudela.
Bigarren txandan irten dira zumaiarrak Orio, Hibaika eta Hondarribiarekin batera, eta hasiera-hasieratik ibili da fin etxeko ontzia. Izan ere, bigarren txandan Orioren atzetik sailkatu dira, bost segundura, eta ez dizkiete gauzak erraz jarri mirotzei. Beraz, horrek esan nahi du hurrengo astean Ohorezko Txandan jokatuko dutela zumaiarrek Donostian.
Lehen txandan, berriz, Donostiarra, Astillero, Tolosaldea eta Arraun Lagunak irten dira, eta azken horrek liga osoan erakutsi duen moduan, nagusitasunez gailendu da gaurko estropadan ere. Zehazki, 10:29.20ko denboran amaitu dute proba donostiarrek, eta handik 10 segundura iritsi da Tolosaldea (10:39.20). Hirugarren sailkatu da Orio (10:40.04), eta Zumaia, esan bezala, laugarren izan da.
Hurrengo asteko aurreikuspenen arabera, ia bi metroko olatuak izango dira, baina haizea ez da gaurkoa bezain gogaikarria izango. Dena dela, Kontxan ez daki inork zer gertatuko den, eta ikusteko dago oraindik zumaiarrek zer egingo duten datorren igandean.
Hona hemen sailkapen nagusia.
- Arraun Lagunak: 10:29.20
- Tolosaldea: 10:39.20
- Orio: 10:40.04
- Zumaia: 10:45.10
- Astillero: 10:53.88
- Donostiarra: 10:54.32
- Hibaika: 10:57.14
- Hondarribia: 10:58.88