Traineru denboraldiaren amaierarekin batera hasi dira bajak heltzen. Kontxako banderako sailkatze estropadarekin amaitu zen duela astebete gizonen Telmo Deun traineruaren denboraldia. Zumaiako gizonen taldeko entrenatzaile izan den Rufo Urtizbereak datorren urtean Zumaiako klubean jarraituko ez duela iragarri du klubak.
Horren berri eman zuen Telmo Deun arraun elkarteak atzo sare sozialen bidez. Ardura uztearen atzean izan diren arrazoien berri ez du eman klubak, eta hitz onak izan ditu entrenatzaile donostiarrarentzako. "Hemendik esker hitzak ematea besterik ez zaigu gelditzen, gurekin sinestearren eta emandako konfiantza guztiagatik. Plazer bat izan da urte hau berekin partekatu izana. Kluba osatzen duten partaide guztien partez, zorterik onena opa diogu bere ibilbideari".