Laugarren postuari eutsi, baina gora begiratzea ahaztu gabe

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 11

Kontxako estropadetako bigarren jardunaldia jokatuko dute datorren igandean, Donostian, eta ohorezko txandan arituko dira Zumaiako saregileak. Lehen jardunaldian lortutako laugarren postuari eustea izango dute erronka.

Pasa den igandean jokatu zuten Kontxako estropadako lehen jardunaldia, eta Zumaiako emakumeen traineruak laugarren postu on bat lortu zuen, egun batzuk lehenago jokatutako sailkatze estropadan izandako sustotik osatuta. Postu hari esker, ohorezko txandan arituko dira saregileak Kontxako bigarren igandean. Haiekin batera arituko dira Orio, Tolosaldea, eta bandera irabazteko faboritoa den Donostia Arraun Lagunak. 

Igandeko arraunketa saioa prestatzeko entrenamenduak ari dira izaten astean zehar. Aste hasierako atsedenaldiaren ondoren, atzo bueltatu ziren arraunlariak uretara. Eguraldi makurrarekin uretaratu behar izan ziren, mendebaldeko haize bortitzarekin eta euri zaparradekin. Itsasoaren egoerak ere ez zuen animatzen barra albo batera utzi eta itsasoan barrena sartzera. Hala, errioan aritu ziren serieak egiten. 

Lehen jardunaldian ia 16 segundoko aldea atera zion Donostia Arraun Lagunakek Zumaiari. Hurbilago ditu, ordea, Tolosaldea eta Orio, sei eta bos segundora, hurrenez hurren. Horregatik, ilusioak bultzatuta, sailkapenean gora begira jartzeko gogorik ez zaie falta klubeko kide batzuei, "postu bat edo bi hobetzeko". Baina, bada errealista den jendea ere, Joxe Enrike Kike Manterola entrenatzailearen kasu. "Erronka laugarren postuari eustea izango da", zioen pantalanean, zodiakera igo aurretik. Erantzuna, datorren igandean, 11:00etatik aurrera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide