Gaurkoa ez da izan saregileen eguna. Zumaiako traineruak zortzigarren bukatu du Kontxako bigarren jardunaldia; hala ere, joan den asteburuan egindako lanari esker, bosgarren gelditu da sailkapen nagusian. Kontxako Bandera Arraun Lagunak taldearentzat izan da. Joan den igandean 11 segundoko errentarekin bukatu zuen lehen jardunaldia, eta inor ez da haiei aurre egiteko gai izan. Tolosaldeak eta Oriok bigarren eta hirugarren egin dute hurrenez hurren, bai bigarren jardunaldian, baita sailkapen nagusian ere.
Gaur zortzi baino lasaiago topatu dute arraunlariek lehia eremua, nahiz eta Aquarium parean joera zertxobait zakarragoa izan den. Olatuak hartzeko egoera onean zegoen itsasoa, eta aukera hori baliatzen saiatu dira arraunlariak. Ohorezko txandan egin du arraun Zumaiak, Tolosaldearekin, Oriorekin eta Arraun Lagunakekin batera.
Zumaiarrak nahi eta eta ezinean aritu dira estropada guztian. Arraun Lagunak gogor hasi da lehen segundotik, eta etengabe handituz joan da haien eta Zumaiako traineruaren arteko aldea. Horrela, helmugan, minutu erditik gorakoa izan da aldea.
Estropada ikusgarria eginda, Arraun Lagunakek eskuratu du Kontxako Bandera, 11:01:83ko denbora markatuta. Bigarren sailkatu da Tolosaldea, 11:09.24ko denboran, eta hirugarren egin du Oriok, 11:16.38ko denbora markatuta.
Honakoa da bigarren jardunaldiko sailkapena:
- Arraun Lagunak: 11:01.72
- Tolosaldea: 11:09.24
- Orio: 11:16.38
- Donostiarra: 11:19.35
- Hibaika: 11:31.69
- Hondarribia: 11:31.71
- Astillero: 11:31.91
- Zumaia: 11:33.24
Honakoa da bi jardunaldien baturaren sailkapena:
- Arraun Lagunak: 21:30.92
- Tolosaldea: 21:48.44
- Orio: 21:56.42
- Donostiarra: 22:13.67
- Zumaia: 22:18.34
- Astillero: 22:25.79
- Hibaika: 22:28.83
- Hondarribia: 22:28.83