Bihar arratsaldean egingo dute datorren urteko udal aurrekontuak aztertzeko udalbatzarra, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Udal Gobernuak 21,6 milioi euroko proposamena eramango du bilkurara. Plenoaren atarian, Udal Gobernua eta PSE-EE aurrekontuen proposamena onartzeko adostasunera heldu direla iragarri dute. Iñaki Ostolaza (EH Bildu) alkateak eta Duñike Agirrezabalaga (PSE-EE) zinegotziak nabarmendu dute, akordio horrek "herritarren premia nagusiei erantzutea" duela oinarri.
Ohar bidez azaldu dutenez, lehentasuna izango dutela "gizarte arloko politikak, eta irisgarritasun eta mugikortasun hobekuntzak". Bi alderdien arteko akordioa “elkarlanaren eta erantzukizun politikoaren adibide" bezala jotzen dute, eta negoziazio prozesua “zintzoa, gardena eta eraikitzailea” izan dela ere adierazi dute.
Alderdi sozialistak mahai gainean jarritako proiektu batzuk gauzatzeko konpromisoa ere hartu du Udal Gobernuak, oharrean azaleratzen denez. Aipatu proiektuak honakoak izango lirateke: Oikia eta Zumaia lotuko dituen bidegorriaren azterlan teknikoa, Hirigintzako artxiboaren digitalizazio proiektua, Patxita Etxezarreta ingururako azterketa eta frankismo garaian giza eskubide urraketan jasan zituztenei omenaldia egitea.