Atera dute erriotik Iñaki Olazabalen omenez egindako eskultura

Usua Garin-Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 2a

Goizean aurkitu dute Iñaki Olazabalen omenez egin eta azaroaren amaieratik desagertuta zegoen eskultura, errioan. Olarrusubeko kideek Arranpla ingurura eraman dute eguerdian, eta bazkalondoren, itsasgorarekin, uretatik atera dute. 

Azaro hasieran zabaldu zuten Alondegiko Oxford aretoan iaz zendutako Iñaki Olazabal eskultorearen omenezko erakusketa kolektiboa. Horren barruan, Zinka izeneko eskultura erakutsi zuten Saregileen plazan, Oxford parean. Artelana Ana Herranzek eta Jose Luis Gonzalez Pazosek egin zuten, Olazabalek berea zuen estiloan, eta hark erabiltzen zuen materiala, zinka, erabiliz. 2,3 metroko altuera zuen eskulturak 150 kilo inguruko pisua zuen

Azaroaren 22ko ordu txikitan, talde batek eskultura eskutan hartu eta erriora bota zuen. Ordutik, desagertuta egon da. Gaur arte.

Duela astebete,  Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak, erakusketaren sustatzaileak, prentsaurrekoa eman zuen eskulturaren desagertzea salatzeko. Ordurako, Zumaiako Udalak hala eskatuta, Olarrusub taldeko urpekari talde bat errio hondoa arakatzen aritu zen, eskultura non egon zitekeen jakin nahian. Euri ugari egin zuen garai hartan, uraren egoera ez zen egokiena, eta ez zuten ezer aurkitu. Atzo bertan ere aritu ziren errioan begira, baina ez zuten artelana topatu.

Gaur erabat aldatu da egoera. Itsasbeherarekin, herritar batzuek eskultura aurkitu dute bota zuten lekutik hurbil. Eguerdi partean, Olarrusub urpekaritza taldeko kideek, buia batzuen bidez, errio hondotik soltatu, eta zodiakaren laguntzarekin Arbustaingo arrapalara eraman dute. Jendetzak jarraitu du urpekarien lana. 

Bazkalondoren, itsasgorarekin batera, Arbustain motor elkarteak arrapala horretan duen gurdira igo dute eskultura, eta uretatik atera dute. Jarraian, udal brigadaren kamioira igo eta hark Joxe Mari Korta industrigunean duen lokalera eraman dute artelana.

Eskultura nola ateratzen zuten jarraitu dute haren egileek eta Eskuahaldunak elkarteko presidente Guillermo Olmok. Behin eskultura kamioira igotzen zuten bitartean, azken honek berretsi du duela astebeteko prentsa agerraldian esandakoa, hau da, erriotik ateratako eskultura konpondu eta mantendu behar dela "erresistentzia ikur" bezala. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide