Balenciaga ontziolako lan gatazka

Astelehenean itzuliko dira lanera Balenciagako langileak

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 8a

Balenciaga ontziola. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako ontziolaren erosketa gauzatuta, datorren astelehenean, hilaren 12an, itzuliko da lanera lantalde osoa. Norvegiarako bi ontzi egiteko lan karga dute egun.

Gabonen atarian eman zioten amaiera Balenciaga ontziolako lan gatazkari. Abenduaren 20an sinatu zuten Zumaiako lantegiko beharginek eta Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoak ontziolaren salerosketa, lan baldintzak adostu eta gero. Hala, urte eta erdi geldirik egon eta gero, eta hartzekodunen lehiaketari iskin egin eta gero, datorren astelehenean, urtarrilaren 12an, itzuliko dira langileak Urolaren erriberan kokatutako lantegira. 

Hilabete luzetan geldirik egon den ontziola berriro martxan jartzea izango dute beharginek lehen ardura. Izan ere, hasiera batean Novegiarako bi ontzi egiteko lan karga dute Zumaiako ontziolan.

2024an piztu zen lan gatazka Balenciaga ontziolan. Urte hartako udazkenean, hartzekodunen lehiaketa saihesteko lehen pausoak eman zituzten. Horretarako, enpresak hartzekodunekin zituen zorrak kitatu behar zituen. Hartzekodunen gehiengoaren oniritzia jaso bazuten ere, Cofides funts publiko-pribatuak oztopoak jarri zizkion kitapenari. Horrek lehiaketara joatea behartu zuen. 2025. urtean zehar izandako negoziazioek, ordea, fruituak eman zituzten, eta 2025ko azaroan adostu zuten Balenciagaren salerosketa, 11,2 milioi euroan. Ordutik, Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks Zumaiako ontziolaren jabe berria. 

Langileen adostasuna falta zen, baina. Horretarako, lan baldintzak adostu behar zituzten enpresak eta beharginek. Azken hauek, hasiera batean, ezezkoa eman zioten jabeek egindako proposamenari, baina, abenduaren 20an egindako bigarren bozketan, ezezkoa zena baiezkoa bihurtu zen. Enpresak egindako lan baldintza proposamenak soldatak %5 murrizketa jasotzen zuen, baita hiru urtez izoztuta egotea ere; 59 lanpostu mantentzea ere planteatzen zen, subrogatuta; akordio horretatik kanpo geratu dira lantaldea osatzen duten beste zazpi langileak, errelebo kontratuekin edota erretiroa hartzeko adinean daudelako. Sinatutako ituna 2028ra arte egongo da indarrean, eta langile batzordek azaldu duenez, bonus sistema bat ere negoziatuko dute.

Enpresaren jabe berriak Eusko Jaurlaritzaren baimena ere jaso zuten, egungo instalazioetan jarraitzeko, beti ere bere jarduera ontzigintzarako edo ontziak konpontzeko bada. 

Zorra ia kitatuta

Lanera itzultzeko egunaren atarian, Balenciagako langileekin jarri da Guka harremanetan. Behargin batek adierazi duenez, enpresak langileei zor zien soldaten zatirik handiena ordaindu diete dagoeneko jabe berriak. "Hamar ordainsari zor zizkiguten. Lehen lau soldatak oraindik lanera joaten ginenekoak dira; beste hamarrak, aldiz, behin Aldi Baterako Erregulazio Espedientea (ABEE) amaituta, berriro ere kontratua Balenciagari subrogatu zigutenekoak dira, nahiz eta lanera joaten ez ginen", azaldu du langile batek. Gaineratu du 2025eko abenduko soldata eta Gabonetako oporrei dagokien kopurua jasotzeko dutela oraindik. "Pentsatzen dugu laster jasoko dugula kopuru horiek ere". 

2026ko lan egutegia ere jaso dutela adierazi du Balenciagako langileak. Urte berrirako lan karga badutela ere azaldu du, baina haiek egiten hasteko oraindik ere hilabete batzuk beharko dituztela gaineratu du. "Ontziak egiten hasteko burdina behar da, eta burdin hori eskatu eta pare bat hilabetera bidaltzen dute". Bitartean, mantentze lanetan arituko direla adierazi du. "Mantentze lanak egin beharko ditugu, makinak berriro martxan jarri, eta uste dut ikastaro bat edo beste ere egin beharko dugula".

Salerosketa gauzatu aurretik langileen artean tentsio momentuak izan zirela ere gogoan izan du. "Hasieran, ezezkoa atera zen bozketan, soldaten %5eko jaitsierarekin ez geundelako ados. Ikusten genuen inbertitzaileak ez zirela joango, eta langile batzuk negoziazioekin jarraitzearen aldekoak ginen. Baina, ikusi genuen langileen artean ere talka batzuk ari zirela izaten, eta bigarren bozketan baiezkoa atera zen". Etorkizunera begira, jaitsieraren erabakia atzera botatzeko aukera izango dela. "Ikusten bada enpresa bideragarria dela, eta ondo doala, pentsatzen dugu diru hori berreskuratzeko aukera egon daitekeela".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide