Balenciagako langileek Abu Dhabi Ports enpresaren azken proposamena onartzea erabaki dute gaur goizean egin duten batzarrean. Baiezkoa eman diote, beraz, soldatak %5 murrizteari, hiru urtez izoztuta izateari eta 59 lanpostuak mantentzeari; akordio horretatik kanpo geratuko dira lantaldea osatzen duten beste zazpi langileak, errelebo kontratuekin edota erretiroa hartzeko adinean daudelako. Ituna 2028ra arte egongo da indarrean, eta langile batzordek azaldu duenez, bonus sistema bat ere negoziatuko dute.
Hasiera batean langileek ezezkoa eman zioten talde inbertsiogileak egindako proposamenari, baina gaur goizean egindako batzarrean iritziz aldatu dute, eta onartzea erabaki. Langileen onespena ezinbesteko baldintza zen ontziolaren salerosketa operazioa gauzatu ahal izateko, eta hori lortuta, sinatzea besterik ez da gelditzen orain. Horrenbestez, ehundik gora urteko historia duen Zumaiako ontziolak eta haren jarduerak jarraipena izango du aurrerantzean ere.
David Tejera langileen batzordean CCOOk duen ordezkariak azaldu duenez, akordioak on egingo dio ontziolari, baita Zumaiako herriari eta Gipuzkoako ekonomiari ere. "Enpresa aktibatuko dugu, hori zen helburuetako bat, eta langileak zoriondu behar dira egin duten ahaleginagatik".
Instituzioek ere ontzat jo dute ituna. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak adierazi duenez, "oso pozik" daude langileak eta inbertitzailea adostasunera iritsi direlako, horrek ontziolaren jarduera ekonomikoarekin jarraitzea ahalbidetuko duelako. Horrez gain, Ostolazak esker hitzak zuzendu nahi izan dizkie akordioa lortzeaz arduratu diren guztiei: "Negoziazio luzeak izan dira, eta langileek gauza asko utzi behar izan dituzte alde batera. Hala eta guztiz ere, beraien jarrera oso ona izan da, eta hori eskertzekoa da. Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiot ontziolako lehengo zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Espainiako Gobernuari, baita Abu Dhabi Ports enpresari ere. Gabonetarako oso albiste ona da Zumaiarentzat".
Gaineratu du enpresa berriari eta horrek gidatuko duen etapa berriari ongi etorria ematen diela Zumaiako Udalaren izenean, baldin eta "langileen lan baldintzak erdigunean" jartzen badituzte. Eta azpimarratu du udalak aurrerantzean ere jarraipena egingo diola prozesuari, langileekin zein jabe berriekin harremanak mantenduta, "Balenciagaren etorkizuna Zumaiarentzat estrategikoa" delako.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak ere "oso positibotzat" jo du akordioa. "Ezinbesteko pausoa eman da gaur inbertsio hau gauzatzeko eta orain, operazioa guztiz ixteko sinadura guztiak gauzatu behar dira hurrengo egunetan". Sailburuaren ustez, "denok asko genuen jokoan operazio honetan, ez bakarrik Balenciagaren eta hango langileen etorkizuna, baita ontziolak inguruan sortzen duten industria jarduera eta zeharkako enplegu guztia ere".
EH Bilduk ere "pozgarritzat" jo du berria, "beti delako ona lana ez galtzea". Prozesuak "luze" jo duela baina akordioa lortu dela nabarmendu du: "Langileek egindako ahalegina eta lana baliotsua izan da prozesuan, eta horregatik zoriondu nahi ditu EH Bilduk". Halaber, gatazkari aterabidea eman izana pozgarria dela esan du koalizioak, baina industria proaktiborako plan bat izatea beharrezkotzat jo du. "Halako edota antzeko egoeran dauden beste proiektuek ere bide bera hartzea espero dugu, herrialdean edota Euskal Herrian errotuta jarrai dezaten".
Bide luzeko borroka
Joan den azaro amaieran sartu zen Balenciaga ontziola hartzekodunen lehiaketara, eta martxoan onartu zuen Espainiako Ekonomia eta Industria Ministerioa partaide den Cofides sozietate publiko pribatuak 15 milioi euroko zorra 8,5 milioira jaistea, hartzekodun guztiek ontziolak haiekin zuten zorra kitatzea onartu ondoren.
Horren ondoren, irailean, adierazi zuen interesa Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erosteko, 11,2 milioi euroren truke. Abendu hasieran lortu zuen aipatutako enpresak ontziolaren salerosketa protokoloaren akordioa, eta gaur artean jardun dira negoziatzen, ontziolaren biziraupena hari batetik zintzilik zela.
Izan ere, salerosketa gauzatzeko, langileen oniritzia behar zen, ezinbesteko baldintza zen hori, eta horiek ez zituzten onartu inbertitzaileak eskainitako baldintzak: zazpi kaleratze eta soldatak %25 jaistea, kasu batzuetan %50 ere bai. Bigarren baldintza zen Eusko Jaurlaritzak lurrak inbertsio taldearen esku uztea, baina kasu horretan erakundea prest agertu zen duela astebete inguru, betiere eremua ontziak egiteko edo konpontzeko erabiliko zela bermatuz gero.
Gauzak aldapan gora zeudela ziruditen arren, negoziatzen jarraitu dute bi aldeek, eta azkenean, gaur eguerdian jakinarazi dute ados jartzea lortu dutela, eta horrenbestez, salerosketa operazioa gauzatzeko gelditzen zen oztopo bakarra gainditu dutela.