Badira urte batzuk Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatiba Sanagustin kulturguneko arkupean formatu txikiko zuzenekoak antolatzen hasi zenetik. Musikari gazteei, talde berriei edo trebatzen jarraitzeko asmoa zutenei bultzada ematea zen egitasmoaren helburua. Arkupehotsak izenarekin garatu zuten hasieran ideia bat zena, eta gaur egun martxan jarraitzen du, beste gorputz batekin. Izan ere, azken urteotan Arkupehotsak programaren edizio bakoitzerako aukeratutako taldeek formazio teknikoa eta artistikoa ere jasotzen dituzte. Musika talde horietako bat da Zumaiako Pertz taldea. Duela bi urte inguru jaio zen arren, Arkupehotsak egitasmoari esker egindako geldialditxoak haien proiektua indartzeko balio izan die taldea osatzen duten lau musikari zumaiarrei. Gaur egun, Gorka Ibargurenek, Ander Eizagirrek, Eneko Zeberiok eta Antton Tolosak osatzen dute taldea. Izan ere, duela gutxi utzi du taldea haien kide izandako Imanol Balentziagak.
Pertz musika taldeak 2024ko martxoan plazaratu zuen lehen diskoa, zortzi abestiz osatutako lana: Ezarritako arauak. Jurgi Taboadak Zumaian duen Ozen estudioan grabatu eta masterizatu zuten, eta urte bereko apirilean eskaini zuten lehen zuzenekoa, San Telmo festetan. "Hainbat txokotan zuzenekoak eskaintzeko aukera izan genuen, 2025eko maiatza iritsi zen arte. Ordutik, gehienbat, Arkupehotsak egitasmoan jarri genun arreta, proiektuaren bilakaera eta zuzenekoak alde batera utzita. Modu horretan, lehentasuna eman genion ikus-entzunezko proiektu bat garatzeari", azaldu du Pertz taldeko Gorka Ibargurenek. Proiektu horri Arkupehotsaki eta Dinamoan egindako egonaldiari esker eman diote gorputza.
"Esperientzia oso interesgarria izan da. Gure helburu nagusia formakuntza prozesuan jarraikortasunez segitzea izan da beti, eta aukera ona zen egunerokotasunetik eta errutinatik irteteko. Talde berrietako kideak ezagutzen, musika eszena hobeto ulertzen eta gauzak beste era batera irudikatzen eta antolatzen lagundu digu proiektuak", adierazi du Ibargurenek. Azken edizioan, Gartxot eta Idoia Asurmendi abeslariak arduratu dira formazio artistikoaz eta, besteak beste, sare berriak eraikitzearen garrantziaz eta arrakastaren pertzepzioaren inguruan hausnartu dute egitasmoan parte hartu duten taldeekin.
Sormen guneak, bultzada
Arkupehotsak egitasmoan parte hartu ostean, Dinamoa sormen gunera itzuli ziren Pertz taldekoak, joan zen irailean. Guztira, hiru abesti grabatu zituzten, hiru egunetan eta hiru lagunekin. Hortik dator proiektuari jarri dioten izena. Ibarguren: "Hiru egun, hiru abesti, hiru lagun izena jarri diogu proiektuari. Zuzeneko emanaldi bat da, nolabait. Lehenengo abestia Gartxotekin, egitasmoan tutore edo maisu izan genuenarekin, grabatu genuen; bigarren abestia, Karter taldeko Imanol Amilibia abeslariarekin; eta hirugarrena, Manu Aizpurua Bikabi taldeko abeslariarekin. Gure lehen diskoko bi abesti propiok eta Basement taldearen abesti euskaratu batek osatzen dute grabaketa". Aurreneko abestia eta bideoa abenduan kaleratu zituzten, eta gainerako biak datozen asteetan plazaratuko dituzte. Hain zuzen, otsail hasieran aurkeztuko dute bigarren abestia, eta aurrerago hirugarrena.
Gero eta gehiago erabiltzen dira zuzenean grabatutako abestiak kantu berriak plazaratzeko. Euskarri interesgarria bihurtu dira musikarientzat, eta horren aldeko hautua egin dute Pertzekoek. "Nahiz eta ohikoa bihurtzen ari den abestiak aurkezteko zuzeneko bideoak grabatzea, gure kasuan, zuzeneko formatutik aldentzen saiatu gara. Ikuspuntu artistikoago batetik landu nahi izan dugu proiektua", kontatu du Zumaiako musikariak. Horretarako, irudiaren konposizioarekin edo grabaketa egiteko moduarekin jolastu dute: "Bi abesti sekuentzi bakarreko planoez osatutakoak dira. Plano bakarreko sekuentzian ispiluak eta angulu desberdinak erabilita, eszena desberdinak sortzen saiatu gara. Aldiz, hirugarrengoa formatu klasikoagoan egindakoa dela esan dezakegu".
Ibargurenek aitortu du zaila dela talde txikientzat haien musika zabaltzea, eta uste du Arkupehotsakek balio duela horretarako: "Errealitate bat da talde txikientzat ez dela erraza gure musika lagun taldeetatik eta ohiko entzuleetatik harago eramatea, eta Azpeitiko egitasmoa bezalakoek, gure abestiak beste belarri batzuetara heltzen laguntzen dute".
Orain, labetik ateratzear dituzten ikus-entzunezkoez aparte, taldearen bigarren lan luzea lantzen ari dira Pertz taldekoak. Horrela aurreratu du Ibargurenek: "Dagoneko abesti dezente ditugu sortuta, baina pazientziaz landu nahi dugu diskoa. Oraindik ez dugu argi zer formatutakoa izango den: motza, luzea edo disko bikoitza. Helburua pixkanaka gure lanari heldutasuna ematea da, eta gehienbat sormen prozesuaz disfrutatzea".