M-17 greba orokorra

Greba orokorra dela eta, mobilizazio eguna izango da bihar Zumaian

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 16a

Greba batzordearen agerraldia, larunbatean, Ardantzabiden. (Greba Batzordea)

Grebaren aldarrien artean dago Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila eskatzea. Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Udal Elkartean bat egingo dute protestarekin. Mobilizatzeko deialdiak egin dituzte.

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek grebarako deialdia egin dute biharko. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila eskatzeko deitu dute protesta eguna. Deialdiak eragina izango du Zumaiako eraikin publikoetan, baita enpresa pribatuetan ere.

Bihar arte itxaron beharko da grebak herrian izango duen eragin erreala ezagutzeko, hala eta guztiz ere, datu batzuk eman zituen Zumaiako Greba batzordeak larunbatean egin zuen agerraldian: Mendiaraiz, Korta, Silan, GKN, Okin, Galvanizados Olaizola, Estaños Matiena eta beste hainbat enpresetan produkzioa gelditzea espero dute. Horiez gain, enpresa hauetako enpresa batzordeek edo langileen ordezkaritza organoek ere bat egin dute grebarekin: Artadi alimentación, Gerozerlan, GKN, I.S.S European Cleaning System Urola-Kosta Artadiko Garbikun, Korta, Limpiezas y Mantenimiento Rosi eta San Juan egoitza, besteak beste.

Zumaiako Herri Eskolan ere grebak jarraipen handia izatea ere espero dute, eta aldi berean, ostalaritzako eta merkataritzako hainbat eta hainbat establezimendu itxita izango direla ere gehitu zuten batzordeko kideek, baita herriko beste hamaika elkarte ere.

Herriko eragile sozialen artean ere babes "zabala" jaso du grebak. Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, Albergak, Mugimendu Feministak, pentsiodunen mugimenduak, Ernaik, Ikamak, Malen Etxeak, Gure Eskuk, Zumaiako Gazte Asanbladak, Zumaiako Txosnak eta Malen Etxeak.

Bestalde, Zumaiako Udal Gobernuak ere adierazi du bat egingo duela greba orokorrarekin, eta beraz, herriko zerbitzu nahiz eraikin publikoetan eragina izango duela ohartarazi du.

Hitzorduak

Biharko egunari begira, hainbat hitzordu zehaztu dituzte Zumaian: Zumaiari dagokionez, gaur egin dute egun horretarako eratu den batzordeko kideek elkarretaratzea, eta astearteko egitarauaren berri eman dute. Pikete informatiboak goizean elkartuko dira, eta 09:00etan herri bira egingo dute Ardantzabidetik abiatuta. Arratsalderako, berriz, bi hitzordu jarri dituzte: 17:00etan beste herri bira bat egingo dute Ardantzabidetik abiatuta, eta 18:30ean manifestazioa egingo dute beheko plazatik abiatuta.

Horrez gain, greba batzordeek dei egin diete herritarrei Donostian Pio XII.a plazatik 12:30ean irtenda egingo den manifestazioan parte hartzeko. Protesta horri lotuta, Urola Kostakoen zutabea Antigua auzoko tuneletik abiatuko da 11:30ean, Pio XII.era joateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide