Ehunka pertsona elkartu dira arratsaldean beheko plazan, Zumaiako Greba batzordeak egindako manifestazio deialdira batuz. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea eskatzen ari dira goizean goizetik Hego Euskal Herrian, baita Zumaian ere. Piketeak egin dituzte eguneko lehen orduetan, zabalik zeuden establezimendu zein enpresei ixteko eskatzeko, eta arratsaldeko manifestazioarekin amaitu dute protesta eguna.
18:30 aldera abiatu dira manifestariak, eta ordubete inguru iraun du martxak, herriari itzulia eman baitiote. Gutxieneko soldata hemen erabaki. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko zioen pankartaren atzean egin dute protesta, eta hasi duten lekuan amaitu dute: beheko plazan.
Greba batzordeko kideek hartu dute hitza bertan. Haien esanetan, "ez dira garai errazak langileontzat". Patronala eta agintari politikoak "eskutik emanda" doazela salatu dute, "aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoz". Haien esanetan, hori da gutxieneko soldatarekin gertatzen ari dena: "Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute".
Gogoratu dute, gainera, greba orokorra langileen "tresna indartsuenetako bat" dela: "Lantokietan planto egiten dugu, ekoizpena gelditu, eta gure lanetik etekinak ateratzea ekiditen dugu. Borrokan ikasi dugu, gainera, begirada gehiago zabaltzen, badaudelako langile batzuk greba egiteko aukerarik ere ez dutenak, edo oztopo asko dituztenak".
Zera esaten amaitu dute: "Bakarrik eta beldurtuta nahi gaituztenen aurrean, mezua argia da gaurkoan: elkarrekin eta borroka egiten aurkituko gaituzue".