Pasa den asteko udalbatzarrean onartutako Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) prozesuan EAJ "gezurretan" ari dela ziurtatu du EH Bilduk, eta argi adierazi du onartezina dela interes alderdikoien izenean "herritarrak gezurrekin larritzea, manipulatzea eta engainatzea".
Udalbatzan gehiengoa duen EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten hirigintzaren arloan datozen urteetarako prestatutako herri plangintza zehazten duen dokumentuari. Behin-behineko onarpenari ezezko botoa eman zioten EAJk eta PSEk, eta planak ez diola Zumaiako etxebizitza krisiari erantzuten esanez justifikatu zuen talde jeltzaleak bere erabakia.
2022ko urtarrileko osoko bilkuran HAPOaren irizpideak eta helburuak biltzen zituen txostena aho batez onartu bazuten ere, EAJk jarrera aldatu zuen 2024an, eta dokumentuari hasierako onespena ematerakoan aurka bozkatu zuen. Ezezkoari eutsi zion azken udalbatzarrean ere, planak hainbat akats dituela iritzita: besteak beste, planaren indarraldiaren denbora motzegia dela eta aurreikusten dituen etxebizitza berriak gutxiegi direla kritikatu zuen.
Alta, EAJren kritikak "gezurretan" oinarritzen direla saltu du EH Bilduk prentsara igorritako ohar batean, eta puntuz puntu deseraiki ditu jeltzaleek seinalatutako "akatsak". "Azken hilabeteotan EAJk herriz herri martxan jarri du bere propaganda makinaria, baita Zumaian ere. Ohikoak bihurtu dira eskariak egiteko bideoak, sarri era interesatuan egia ezkutatzen dutenak, eta baita zuzenean gezurrak zabaltzen dituztenak ere. Orain arte EH Bildutik erabaki dugu joku horretan ez sartzea, eta ez dugu erantzun. Jada gezurren tamaina gehiegi igotzen ari dela ikusita, ordea, derrigortuta sentitzen gara erantzuna ematera", adierazi du.
Etxebizitza berrien kopuruari dagokionez, EAJk gaitzetsi zuen HAPOak 20 urteetarako gehienez 680 etxebizitza eraikitzeko muga ipintzen duela, eta hori gezurra dela ziurtatu du EH Bilduk: "800 eraiki daitezkeela jasotzen du, eta desdoblatzeko aukera izanda 1.090eraino igo daiteke kopuru hori". Nabarmendu du EAJ horren jakitun dela, prozesua dinamizatu duen enpresaren azalpenak jaso dituelako, horregatik, adierazi du "lotsagarria" dela "herritarrak engainatu nahian nahita gezurretan aritzea". "Azken 15 urteetan 405 etxebizitza eraiki dira Zumaian, hori ere badaki EAJk. Zertara dator orain hurrengo 20 urteetan bikoitza baino gehiago eraikitzeko aukera ematen duen plan bat gutxiegi dela sinetsarazteko alarma sortu nahi izatea? Herritarrak gezurrekin larritzea, manipulatzea eta engainatzea Trumpismoa Zumaiara ekartzea da", gaineratu du.
HAPOaren indarraldiari dagokionez, argitu du gezurra dela planak zortzi urteko iraunaldia izango duela. Aitzitik, planaren iraunaldia "mugagabea" dela baieztatu du, eta zortzi urteko epeak udala planarekin juridikoki eta ekonomikoki lotzen duen epea besterik ez duela zehazten. "Ideia bat egiteko, Bilboko Udalak onartuta duen planak bost urteko epealdia kokatzen du horretarako, eta horrek ez du esan nahi Bilboko Plan Orokorraren indarraldia 5 urtekoa denik", azaldu du.
Ildo horretatik, azpimarratu du EAJk jakin beharko lukeela nola funtzionatzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokor batek, beraz, "seriotasuna eta ardura" galdegin dizkie jeltzaleei: "Ez bazarete gai ulertzeko plan orokor batek nola funtzionatzen duen, eta horregatik prozesua dinamizatu duen enpresak hainbat gauza zuzenean argitu behar izan badizuete, gutxienez lotsa pixka bat izan eta ez hasi datu okerrak zabaltzen".
Koalizio abertzaleak gogoratu du, bestalde, 2020an plana diseinatzen hasi zirenean EH Bildu, EAJ eta PSE ados zeuden, teknikarien irizpideei kasu eginda, Basustamendin etxebizitzak ez eraikitzearekin, baina puntu horretan ere jarrera aldatu dute jeltzaleak. "Zer dela eta aldatu du EAJk prozesuan zehar iritzia, oinarrietan bere alderdiak onartu zuenaren guztiz aurka joateraino? Egin du EAJk azterketarik Basustamendi eraikitzeak trafiko zirkulazio berrietan, irisgarritasunean, trenbide eta saihesbidearen izaeran... izango lukeen eraginaz? Benetan hausnartutako eta teknikoki ondo baloratutako proposamena da edo etxebizitzaren arazoa konpontzeko soluzioa balitz bezala milaka etxebizitza berri eraikitzeko lelo erraza saldu ahal izateko bururatu zaien eremu bakarra da?", galdetu du EH Bilduk.
Jarrera pasiboa
EH Bilduren ustez, zentzugabea da orain HAPOak etxebizitza berriein inguruan zehazten dituen neurrien kontra egitea, etxebizitza krisiari aurre egiteko neurrien kontra agertu baita EAJ azken bi legealdietan. Udal Gobernuan agintzen duen taldeak gogoratu du, besteak beste, etxebizitza turistikoen gaineko luzamendua onartu zutela 2021ean, etxebizitza bulegoa martxan jarri zutela 2023an, Torreagaberrirako akordioan etxebizitza tutelatuak txertatzea lortu zutela, Zumaiak tentsiopeko gunearen izendapena jaso zuela 2025ean eta etxe hutsei kanonak aplikatzea onartu dutela aurten.
"Guztietan aurkako iritzia eman dute, eta askotan botoa ere bai. Nola ulertzen da orain etxebizitzak milaka eraiki behar direla esaten duen alderdi batek, jakinda udalak Eusko Jaurlaritzarekin duela hir urtetik hona Puntanuetan eta Aita Marin ehunka etxebizitza babestu jasoko dituen plana lantzen aritu dela, hitzarmen horren aurkako iritzia eta botoa ematea hainbatetan? Zergatik nahi du EAJk martxan den hitzarmen bat oztopatu, EH Bilduren udalak gidatu duelako? Benetan Zumaiarren interesak axola zaizkio edo neurriak aurrera nork eraman dituen?", deitoratu du.
Gainera, EAJren dual taldeak azken legegintzaldian izan duen jarrera pasiboa seinalatu du EH Bilduk. Koalizioaren esanetan, jeltzaleek ekarpen gutxi egin dituzte batzordeetan, proposamenen inguruko eztabaidetan eta aurrekontuen lanketan, besteak beste. "Gero, benetako lanerako garaia pasatutakoan, prentsan ateratzea izan da beraien jokua", esan du.