Albistegia

Harriz jantzitako uda izango ote da aurtengoa Itzurunen?

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 13a

Neguko itsaso zakarrak ur azpira eraman du Zumaiako hareatzako hondarra eta agerian utzi ditu harriak. Egoerak ez du konponbide azkarra izango.

Neguko olatuen haserreak San Telmo jaietako ikuskizun jendetsuenetako bat zapuztu zuen joan den apirilean. Zumaiako jaietako repetizioen barruan ziren jokatzekoak zaldi lasterketak Itzurun hondartzan, baina ezusteko batek galarazi zuen kirol jarduera hura gauzatzea: itsasoak leundutako hondarraren ordez, harri handiek hartu zuten hareatzaren azalera. Bi astetara jarri zuten hitzordu berria, egoerak hobera egingo zuen esperoan, baina ez zen mirakulurik izan, eta bertan behera utzi behar izan zituzten azkenean zaldien joan-etorriak.

Neguan itsasoak izan duen energia handia, eta Itzurunek berez duen norabide edo orientazioa daude urak hondarra eramatearen atzean, Irati Epelde zientzialariak Gukari adierazitakoaren arabera. Ozeanografian aditua eta Azti itsas eta elikagai ikerketa zentroko kidea da Epelde, eta azaldu duenez, joan den martxoan jarri zuten Itzurunen arreta. "Gipuzkoako Foru Aldundia gurekin harremanetan jarri zen, Itzurungo harriak agerian zeudela eta, hondartza garbitzeko makinak ezin zituztelako jaitsi". Harreman zuzena dute Aztik eta aldundiak, eta foru erakundeak lurraldeko hondartzetan jarritako bideokamerez baliatzen dira Aztikoak hondartzetako informazioa lortzeko. "Arazo hori izan zenean jarri ginen Itzurunera begira".

Epelderen esanetan, aurtengo negua, olatuei dagokienez, nahiko aktiboa izan da, ez soilik Itzurunen, euskal kostaldeko hondartza guztietan baizik. "Aurreko negu guztiak ahulagoak izan dira itsasoaren energiari dagokionez. Aurten, berriz, ikusi dugu energia handia izan duela itsasoak". Energia areagotze horien aurrekariak badaudela dio Epeldek, eta duela hamar urte gertatutakoa jarri du adibide gisa. "2016an ere antzera gertatu zen. 2014koa kenduta, aurreko hamar urteetako indartsuena izan zen itsasoa urte hartan". Itsasoaren aldaketa horiek ziklikoak izan daitezkeela uste du zientzialariak, "eta ziklo horren barruan, aurtengoa ez da hain ezohikoa izan", dio.

Hondarra itsas azpian

Aztiko zientzialariaren aburuz, Itzurungo hondarra ez da desagertu itsasoaren eraginaren ondorioz. "Energia handiko itsasoa dagoenean, hondarra hondartzako goiko partetik hartu, eta beheko aldera eramaten dute olatuek. Hondarra hor dago, baina ur azpian". Hondartzaren erabilpenari dagokionez, eragina oso nabarmena izan daitekeela onartu du Epeldek, "baina ezin da esan hondarra betirako galdu dugunik". Itzurungoa "pocket beach deritzon hondartza mota" dela azaldu du Aztikoak: "Ahokatuta dagoen hondartza bat da. Hondarra ez da urrunera joaten, baina bai ur azpira, eta itsaspeko zonaldeetan dago une honetan".

Urak hondarra eramatearen atzean beste faktore bat ere badagoela argitu du Epeldek: Itzurunen orientazioa. Euskal kostaldeko hondartza gehienak iparraldera begira badaude, Itzurun mendebaldera begira dago. "Mendebaldeko denboraleak daudenean, inpaktu zuzena izaten dute Itzurunen, eta aurtengo neguko olatuak mendebaldekoak izan dira oso". Epelderen esanetan, euskal kostaldeko beste hondartzek ere jasan dute neguko olatuen kolpea. "Beste hondartzetan ere izan da goiko zonaldeetatik beherakoetarako hondar eramatea, duela urtebete edo bi urte baino gehiago. Itzurunen gertatu dena da oso agerikoa izan dela eragina, hondartzak duen orientazioagatik. Mendebaldeko osagai hori izan da Itzuruni, nolabait esatearren, egurra eman diona".

Uda harritsua?

Hondartzaren goialdetik itsas azpirakoa bakarrik ez, iparraldetik hegoalderako mugimendua ere jasan du Itzurungo hondarrak azken hilabeteotan. "Aste Santu inguruan, konturatu ginen hondartzako iparraldeko zati batean hondarra galdu zela, eta ez genekien nora joan zen", dio Epeldek. "Olatuen energiak esaten zigun ez zela hondarra behealdera joan; ikusi genuen kulunka egin zuela, eta Itzurun Txikiko hondarra San Telmo azpian pilatuta zegoela".

Kostaldetik hurbil izandako enbatek eragindako itsaso nahasiak mugitu du, zientzialariaren arabera, hondarra Itzurungo alde batetik bestera. "Aste Santuan izan dugun tiraina gertukoa eta nahasia izan da, eta horren ondorioz gertatu da hondar mugimendua. Itsasoa ordenatuagoa dagoenean, baga-itsasoa dugunean, gure teoria da hondarra behetik gora mugitzen hasiko dela berriro ere", zehaztu du Aztiko kideak.

Zumaiako hondartzaren egoera normaltasunera itzultzeko oraindik zain egon beharko dela iritzi dio, hala ere, Epeldek. "Itsas azpiko hondarra goialdera eramateko zikloak mantsoagoak dira, eta uste dugu aurtengo udan aurreko hiru urteetan baino harri gehiago ikusiko dela Itzurunen. Uda hasierarako edo erdirako ez dio berreskuratzeko denborarik emango". Zientzialariak uste du, hori bai, labarretan pilatutako hondarra berriro ere iparraldera mugituko dela, "itsasoa ordenatuago badago, eta hondoko itsasoarekin". Itzurunen aurten gertatutakoa ikusgarria izanik ere, inguruneko "bariazio naturalaren barruan" jazo dela deritzo Epeldek. "Ikusi behar da hurrengo neguak nola datozen. Gerta daiteke egoera hau betikotzea, edo bi edo hiru negu lasai etortzea eta berreskuratzeko denbora izatea". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide