Ahaztu ezingo duen denboraldia ari da egiten Maite Urteaga txirrindulari zumaiarra. Duela zortzi egun, San Pedro jaien barruan, herritarren txaloak eta esker ona jaso zituen Espainiako txapelketan egindako lana dela eta. Egun gutxira, Portugalera joan zen Eulen-Amenabar taldeko kideekin batera, Portugalgo Txirrindularitza Itzulian parte hartzera. Han ere, denboraldi osoan erakutsitako maila ona berretsi du Urteagak.
Pasa den asteazkenean jokatu zuten lehen etapa, eta bigarren izan zen zumaiarra, irabazlearengandik 17 segundora. Bigarren etapa esprintean amaitu zen, eta 61. izan zen Urteaga, eta 11. hirugarren etapan. Laugarrenean ere aurrean ibili zen, eta bosgarren postua eskuratu zuen. Atzo jokatutako bosgarren eta azken etapan, bestalde, 16. izan zen Zarauzko txirrindularitza klubeko partaideak.
Denbora guztiak, eta lortutako puntuak kontutan hartuta, Portugalgo Itzulia irabazteko zorian izan da Urteaga, lau segundo besterik ez dizkiolako atera Berteau irabazleak (10.55.54) bigarren sailkatu den Urteagari (10,55.58). Beste bitan ere igo da Urteaga podiumera: puntuetako sailkapenean hirugarren izan da, eta bigarren mendiko sarian.