Erreportajeak

Itsasoarekin bat egin dute gaur zumaiarrek

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2026ko uztailaren 18a

Orain hamarkada batzuk bezala, sardinaz eta batelez bete da gaur eguerdian arranpla, eta salmenta eta enkantea izan dira Kofradia aurrean eta barruan. Neskatilen builek eta Kofradiako kanpai hotsek bete dituzte kaleak, baita arrantzale giroko dantzek ere. Beduola elkarteak antolatutako Stella Maris ekitaldiak herritarren irribarreak eta txaloak eragin ditu. 

Garai batean Zumaiako moilan izaten zen giroa irudikatzeko, sardina salmenta antzeztu dute gaur eguerdian Beduola elkartekoek eta Astindu dantza taldekoek arranplan eta Kofradia aurrean, eta ikusmin handia eragin du, herritar eta bisitari ugari elkartu baitira haien bueltan. Bigarren aldia izan da gaurkoa, 2024an ere egin baitzuten halako ekitaldia Karmengo Amaren Egunaren bueltan. Itsasoko zaindaria da hura. Gaurkoari, ordea, Stella Maris izena jarri diote. Hemen irakur daiteke horren azalpena. 

Kofradiako kanpai hotsek 12:30erako adierazi dute sardina freskoa porturantz zetorrela. Hala, Paolaldetik lau batel iritsi dira arranplara: Hiru anai, Hiru ahizpa, Magallanes eta Ramontxu izeneko batelak, sardinaz beteta. Han zeuden zain neskatilak, buila ederra armatuz. Sardina kaxak hartu, dantza egin, eta Kofradia aurrera joan dira neskatilak, marinelak nahiz patroiak, han jeneroa pisatzeko.

Segidan, patroiak Kofradia barrura sartu dira, benta antzezteko; han ere builarik ez da falta izan. Bola sistema erabili dute, Gipuzkoan gelditzen den bakarra. Bitartean, kofradia aurrean zeuden herritarrei arrain pisaketari eta bentari buruzo azalpenak eman dizkiete Beduolako kideek.

Ondoren hiru dantza eskaini dituzte Astindukoek, eta parrillan erretako sardina janez eta txotxeko sagardoa edanez amaitu da herrira garai bateko kresal usain berezia ekarri duen egitasmoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide