Luis Mari Goikoetxea 'Goiko' hil da, Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakari ohia

Maddi Txintxurreta

Luis Mari Goikoetxea, Zumaiako Arraun Elkarteko presidente ohia. (Juan Luis Romatet)

1982 eta 2013 artean Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakaria izandako Luis Mari Goikoetxea Goiko zendu da. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin zuen kargu horretan, eta gerora ere elkarteko zuzendaritzan parte hartu zuen.

Hiru hamarkadaz Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakaria izan zen Luis Mari Goikoetxea Goiko (Zumaia, 1949) hil da gaur, astelehenarekin.

Goikoetxea Telmo Deun klubeko arraunlaria izan zen 1969 eta 1970 artean, eta 1975ean Aita Mari Arraun Elkartearen sorreran lagundu zuen. Lehen urte haietan batel eta trainerilletan aritu zen kluba, eta 1978an erosi zuten lehen trainerua. "Santurtzitik [Bizkaia] ekarri genuen. Beraiek nahi ez zuten ontzi bat zen, eta orduan atera genuen lehendabizikoz trainerua", azaldu zuen Goikoetxeak elkartearen 50. harira Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako erreportaje honetan. Elkartea sortu eta zazpi urteren buruan, 1982an, izendatu zuten lehendakari, eta 2013ra arte eutsi zion kargu horri.

Goiko lehendakari zen garaian, lorpen esanguratsuak lortu zuen Zumaiako traineruak, besteak beste, 1984ko eta 1987ko Kontxako Banderak. Klaudio Etxeberria Gorria izan zen patroia lehenengoan, eta Edu Aristi bigarrengoan. "1980ko hamarkada gurea izan zen; garbi dago hori", adierazi zuen Goikoetxeak aipatutako erreportajean.

Zumaiarrak 2013an utzi zion elkarteko lehendakari izateari, emakumeen traineruak Kontxako Bandera lortu zuen urtean, eta Luis Mari Osa Barrenak hartu zuen erreleboa. Hala ere, Goikoetxeak zuzendaritzari lotuta jarraitu zuen harrezkero.

Arraun elkartearen mezua

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak dolumin mezuak helarazi dizkie Goikoren senideei eta gertukoei, eta elkarteko lehendakari ohiak arraunaren alde egindako lana nabarmendu du: "Goikok bizitza osoa eman dio arraunari eta Zumaiako arraun elkarteari".

"Lehendakaritza utzi ondoren ere, Goikok klubarekin lotuta jarraitu zuen, beti laguntzeko eta Zumaiako arraunaren alde lan egiteko prest. Egindako lana, emandako denbora eta klubarekiko konpromisoa ez ditugu inoiz ahaztuko. Goiko Zumaiako arraunaren historiaren parte da, eta hala gogoratuko dugu", adierazi du Telmo Deun arraun elkarteak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide