Alkateari erantzuna: “Gezurrak behin eta berriz errepikatzeak ez ditu arazoak konpontzen”

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017ko uzt. 13a, 13:21

Ez da samurra izan behar alkatearen larruan egotea debekuen gaiaz hitz egitean. Duela urtebete “pankartak debekatu behar dira auto gidarientzat arriskutsuak direla” zioen Radio Euskadin eta orain “Kalea Guztiona Daren mugimenduaren aldarrikapenekin bat egiten dugu” esatera heldu da. “Edozein egoeratan, zer esan ez dakizunean, erabili beharreko mantra politikoak” liburuaren pasarteak eskaini dizkigu alkateak KGD mugimenduari atzo eskainitako ohar surrealistan.

Luze joko luke azaltzea banan-banan Udalak atzo zabaldutako monologoan erabiltzen dituen argudio surrealistak zerrendatzea. Debekuen gaia apur bat ezagutzen duenak, minutu dibertigarri batzuk pasatzeko aukera paregabea du oharra irakurtzen, azken urteotan goiko esferetan erakutsi duten politikeria hori, maila lokalean nola errepikatzen den erakusten duen lagin paregabea da. Gure ekintza guztiak kritikatu, zentsuratu edo –bertso saioaren kasuan– oztopatu dituztenek diote prest daudela gure “ekintza eta ekitaldiak lagundu eta babesteko”, “Erribera kaleko pareta pribatua” deitzen diote astero diru publikoz zentsuratzen duten pareta bakarrari, edukiz hustutako esaldi hutsak, paragrafo batean gauza bat esan ondorengoa kontrakoa esateko eta, jakina, gai guztietarako balio duten mantrak edonola sartu ahal bezainbat: “elkarbizitza egokia bermatu”, “errespetua”, “Udala herritar guztien etxea da (sic)”, “herriaren irudia”…

Badakigu gai honetan argudio aldetik oso urri daudela udal gobernuko bunkerrean. Egunero-egunero zentsuratzeari utzi gabe, aspaldi erabaki zuten isilik geratu eta ostrukarena egitea, polemika hau publikoki gehiago ez hauspotzeko. Izan ere, ez da samurra jendeari saltzen saiatzea, gauza on eta demokratiko gisa, bulego batean lau politikarien artean erabakitako debeku sorta bat.

Gaia herritar eta herriko taldeekin eztabaidatu eta adostuz gero, beldur dira hortik aterako litzatekeen emaitza agintean daudenen gustukoa ez izateaz. Eta beraz, itsueta gor jarraitzen dute askoren kritiken aurrean.  Baina noski, herritarren aurrean horrela agertzea ez denez “polita” eta “salgarria”, nola edo hala, saiatzen dira beren jarrera debekuzale eta autoritarioa estaltzen.

Eta horrela heldu gara gaur egungo egoera esperpentikora, non indartuta sentitzeko alkateak zer egin ez dakiela, kritiko agertzen denari eraso egiteko edozein aitzakiaren bila aritzen den. Horrek behartu du askotan harri azpietatik ere ‘argudioak’ atera behar izatera, eta hala erredikulua egiteko aukerak handituz. Hala gertatu zen CCOO sindikatuaren egoitzatik Udal gobernuak kendutako pankartaren kasuan, halakoa izan zen “Kolore guztiak debekuen kontra” jaiaren harira polemika antzua pizteko saiakera, eta azken espektakulua “Doinu guztiak debekuen kontra” kontzertu/muralaren kartelarekin egin dute.


“KGDko kideek Udalaren ikurra erabili dute, Udala ekimen baten babesle gisa irudikatzeko”

Jakin badakigu politikari eskuindarrei umorea eskatzea lan zaila dela. Baina alkatearen miopia politikoak ez luke gainerako herritarren umorea zapuztu behar. Kartelaren izkina batean “Marroia: Zumaiako Udala, All Rights Reserved” jarri genuen, alkatearen aginduz Zumaian egunero-egunero zentsuratzen duten pareta bakarraren koloreari erreferentzia eginez. Baina hara non, Cirque du Soleil-etik aterata dirudien jauzi bat eginez, hori aitzakia bilakatu dute kontzertu baten kartel guztiak kaleetatik kentzeko. Eta lan horretarako, alkateak nori eta munizipalei agindu zien larunbatean kalera joateko kartel horien bila. Gure aurrean kartel bat kentzen ari zirela izandako elkarrizketan, udaltzainek beraiek aitortu zigutenez.

Kontzertu baten kartelek zumaiar guztiei egindako mehatxu gupidagabeari erantzun tinkoa eman zion gure superalkateak. Hilero-hilero gordin kobratzen dituen 3.900 euroak ondo inbertituta daudela erakutsi du. Zertarako daude bada txaperoak 3 zentimetroko tamaina duten Udalaren logoak kaletik kentzeko ez bada, ezta? Zumaiarrok ez al dugu hori baino kezka eta arazo handiagorik?

Barkatu, kartelean bezala, goikoa ere gai triste bati umorez heltzeko saiakera izan da. Eta alkateak berriz gaizki ulertu dezakeenez, ‘zuzenago’ azalduko dugu kontua: Inorekin hitz egin gabe debekuak indarrean jarri eta, besteak beste, 46 mural zentsuratu dituenak dio "Marroia: Zumaiako Udala" kartel batean jartzeagatik Udala “babesle gisa" irudikatu dugula hurrengo egunean eta gainerako muralen antzera Udalak berak zentsuratu duen mural baten margoketa musikatuan. Eta horren osten, txiribuelta borobiltzeko, “Kalea Guztiona Daren mugimenduaren aldarrikapenekin bat egiten dugu” diote.

Groucho Marxek ez zuen hobeto azalduko herriko agintarien bileretan, adierazpen askatasunaren gaia azaltzen denean, bat-batean jotzen duen hego haize ‘txorua’.

Edonola ere, alkateari eskertu nahi diogu gai honetan zumaiarron marroia udal gobernua dela publikoki aitortu izana. Guk ere bat egiten dugu ideia horrekin. Baina, mesedez, ez ezazue ahaztu; udal gobernua da herritarron zerbitzura dagoena, ez aldrebes. Utziozue arazoaren muina izateari, atera gotorlekutik eta bilakatu zaitezte konponbidearen parte.


pd: Udalari hainbesteko buruhaustea eragin dion jaiaren laburpena:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide