12,7 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2016an

Baleike 2016ko urtarrilaren 2a

2016. urterako udal aurrekontuak onartu zituen Plenoak asteazkenean egin zen ezohiko batzarrean. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenak EAJ-PNV (6) eta PSE-EE (1) udal taldeen aldeko botoa jaso zuen; EH Bilduk (6), aldiz, aurka bozkatu zuen. 

12.696.363,88 euroko aurrekontua kudeatuko du Udalak hasi berria den urte honetan (13.364.865 eurokoa Musika Patronatuarena eta Kirol Patronatuarena gehituta). Iazko diru kontuekin alderatuta, 316.433,12 euro txikiagoa izango da aurtengoa.

Sarrerak

Aurrekontuen proposamena prestatzerakoan, irizpide orokorra sarreretan "zuhurtasun printzipioa" aplikatzea izan dela adierazi zuen Udal gobernuak. Gastuetan, berriz, "kudeaketa zuzen eta aktibo bat" eraman nahi izan dutela iragarri zuen plenoan, "honako helburuekin, herritarrei eskaintzen zaizkion zerbitzuak bermatzea, herritarron bizi kalitatea hobetzea, Zumaiako herria txukun eta garbi mantentzea, Zumaiako eraikin publikoei beharrezko mantenua egitea, kale mantenua eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteria publikoa, zerbitzu soziala indartzea... Herritarron ongizatea da gure helburu nagusia, Plan Estrategikoko ondorioetan zehazten den bezala". 

Sarreretan igoera handia aurreikusten da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kasuan, "aurreikusten diren eraikuntzen arabera". Igoera %70,23koa izango litzateke. Foru Aldendirik jasotzen den diru kopuruak ere gora egingo du: Iazko kopuruarekin alderatuta %8,22 gehiago (462.267 euro) izango du Udalak kudeaketarako. Aurten, baina, San Juan Egoitzagatik jasotzen den transferentzia desagertuko da, Egoitza hau Foru Aldundiaren esku geratu dela. Beraz, Udalak jasotzen zituen 206 mila euroak ez ditu jasoko aurten. 

Azken bi urteetako aurrekontuetan ez bezala, Udal gobernuak ez ditu bere kontuetan sartu du Xey partzelaren samentetatik jasoko liratekeen 404.000 euroak. "2014ean exekuzioa ez gauzatzean eta 2015ean berriz partida berdina sartzean, kontuhartzaileak kontrako txostena jakinarazi zuen", adierazi zen. Aurrez aipatutako "zuhurtasun printzipio" hori erabilita, "salmenta hipotetikorik" aurrekontuan ez sartzeko erabakia hartu du EAJ-PNVk. "Ortizen duen lursailaren enkantea sartzeko aukera ere ez du aurreikusi, eta, ondorioz, 6. kapitulua 0 euroan utzi da". 

Frontoi luzearen obrarentzat Foru Aldundiak emandako diru laguntzaren hirugarren eta azken ordainketa (350.000 euro) eta Gipuzkoako Futbol Federazioak Aita Mari futbol zelaia hobetzeko emango dituen 100.000 euroak ere jasotzen dira aurrekontuetan. 

Gastuak

Pertsonak gastuetan %0,69ko igoera aurreikusten da. Zentzu horretan soldaten %1eko igoera izango dela azaldu zen Plenoan. Gobernu organoen soldatak, berriz, 31.882,01 euroan igoko dira iazko kontuekin alderatuta. Bestalde, udaleku irekietarako bi koordinatzaile kontratatzea aurreikusten badira, udal brigadan bi lanpostu deuseztu dira: ofizial bat eta peoi bat.

Gastu arruntetan %0,22ko jaitsiera izango dela uste da. Funtsezko zenbait gastutan (argindarra, aseguruak...) kontratuak aztertu eta berritu dituztela azaldu zuten eta, ondorioz, 150.000 euron aurreztuko dira. "Udalean sartzean 16 kontratu zueden iraungituta eta horietako bi dagoeneko esleitu dira: kale garbiketa eta etxez etxeko zabor bilketa. Bi kontratu berri hauekin 54.246 euro aurreztuko ditugula aurreikusten dugu".

Aurrezki horiei esker, zenbait zerbitzu eta gastu handitzeko aukera izango dela nabarmendu zuten: bide publikoen mantenimendua, saneamendua, haur parkeen mantenimendua, turismoko pertsonal errefuertzoa, etab. 

Enplegu sustapenerako 30.000 euroko partida bat bideratzea erabaki du Udal gobernuak. "Badakigu hori Udal Elkartearen ardura dela eta horretarako bideratzen da diru partida bat. Horren jarraipena egingo dugu eta, aparte, beste kopuru bat jarriko dugu Mankomunitatearekin elkarlanean ekonomia eta ekintzaileen ekimenak bultzatzeko". 

Inbertsioak

Inbertsioetarako 1.918.452 euroko partida izango da aurrokontuetan. Aipagarriena San Jose kaleko irisgarritasuna hobetzeko bideratuko diren 350.000 euroak izango dira. "11 puntuko plan nagusi bat onartu zuen Udalak eta horietatik lehen igogailua jartzea zen. Azken urteotan dena geldirik egon da. Guk lehentasuna emango diogu. Hori izango da lehentasuna hirigintzan eta horri energia handia bideratuko diogu", azaldu zuen Oier Korta alkateak.

Irisgarritasun arazoak dituen beste auzo bat Larretxokoa da eta hobekuntzak aztertzeko 40.000 euroko partida bat onartu da. 231.000 euro bideratuko dira Artadiko saneamendurako, 52.000 euro udal eraikinetarako, 80.000 plan estrategikorako, 150.000 bide publikoen hobekuntzarako eta 30.000 hondartzako instalazioetarako, besteak beste. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide