Ruth Salaberria: "Osasungintza aldetik, egoera oso prekarioa du Zumaiak"

Juan Luis Romatet-Urtzi Oteiza 2024ko eka. 21a, 12:00

Osasun publikoaren aldeko plataforma sortu dute Zumaian. Manifestazio zaratatsua deitu du gaur arratsalderako, 18:00etan anbulatoriotik abiatuta.

Maiatzaren amaieran jakin zen Zumaiako osasun zentroan bizi zuten egoera zein zen. Hedabide honek aurreratu zuen bezala, bi sendagile ari ziren sei medikuren lanak egiten. Horrez gain, 15:00etatik aurrera ez zen sendagilerik izango anbulatorioan. Egoera horrek Zumaiari bakarrik ez, Getariari, Aizarnazabali eta Zestoari ere eragiten zion. 

Osasun zentroaren egoeraz kezkatuta, herritar talde batek Zuopa Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataforma sortu du. Pasa den astean eman zuten horren berri leporaino bete zen Oxford aretoan egindako aurkezpen ekitaldian, eta gaur bertan manifestazioa egingo dute osasun zentrotik abiatuta. 18:00etan hasiko da, eta bertaratzen direnei zarata ateratzeko tresnak eramateko eskatu diete. 

Ruth Salaberria (Zumaia, 1986) da plataformaren sortzaileetako bat. Larrialdietako sendagilea da, baina bai berak, bai taldea osatzen duten beste lagunek diotenez –denak ere osasungintzan aritzen dira–, plataforma herritar eta osasun zentroko erabiltzaile gisa sortu dute. "Osasun langile bezala, beste era batera egin dezakegu borroka, baina zumaiar eta Zumaiako paziente bezala bultzatu nahi dugu plataforma; herritar bezala egin nahi dugu lan, herritarrekin", azpimarratu du.

Asteak pasatu badira ere, anbulatorioko egoera ez dela asko aldatu dio. "Familia mediku bat bueltatu da lanera, eta gaur egun hiru daude lanean; behar denaren erdia. Orduan, bi pediatretatik bakarra zegoen lanean. Gaur jakin dugu [ekainaren 18an egin zen elkarrizketa] geratzen zen pediatrak baja hartu duela, eta Zumaian pediatrarik gabe gaude. Hori da gaur egun Zumaiako anbulatorioko egoera". 

Aipatutako kezkak bultzatuta edo, dozenaka lagun bertaratu ziren pasa den astean jubilatuen plataformak eta Zuopak deitutako elkarretaratzera, baita aurkezpen saiora ere. "Egon beharko luke kezkak herrian. Azkenean, zumaiar guztioi eragiten digun zerbait da. Dagokigun familiako medikuen erdia falta da, eta gaur egun ez dago pediatrarik. Zumaiar denon ardura da hori, eta zumaiar denok izan behar dugu kezka anbulatorioa horrela dagoelako".

Bigarren mailakoak

Egoera, baina, ez da osasun zentrora mugatzen. Saioan nabarmendu zutenez, Zumaiarentzako erreferentziazko ospitalea Donostiakoa da, eta ordu erdira dago. Anbulantzia medikalizatua, berriz, Elgoibartik (Gipuzkoa) etorri ohi da, eta ia beste ordu erdira dago. "Zumaia oso polita da, oso ondo bizi gara, bizi kalitate oso ona dugu, baina osasungintzan oso atzeratuta gaude. Lankideei esaten diet, paradisu txiki bat dela hau, baina osasungintza aldetik, oso prekarioa da egoera. Lehen, 17:00etara arte familia mediku bat genuen anbulatorioan, eta orain ez dugu; anbulantzia medikalizatuak Elgoibartik etorri behar du; erreferentziazko ospitalea, berriz, ordu erdira dugu. Horrez gain, Zarauzko osasun zentroak egiten zuen lana Etengabeko Arreta Puntu bezala; 24 orduz artatzen zituen gure pazienteak, hamar minutura genuen, baina orain uda guztian ez du ia medikurik izango. Gu mugitzen gara eta hau defendatzen dugu, edo gure osasuna ordu erdira dugu, bereziki larrialdiak artatzeko". Zuopako kidearen arabera, Zumaiako pazienteak "bigarren mailakoak" dira. "Zarautzen edo Donostian bizi direnak askoz ere hobeto artatzen ditu osasungintzak zumaiarrak baino".

Horren guztiaren atzean Osakidetzaren kudeaketa txarra dagoela uste du Salaberriak. "Altxorra zena bigarren mailara eraman dute. Agian beste interes batzuk egon dira goitik, eta horrek eraman du altxorra zena, hain polita zena, hain ondo genuena, hain ondo ez egotera. Osasun aldetik punta-puntan geunden, oso onak ginen, eta orain ikusten dugu tratamendu asko ez direla ematen Osakidetzan eta kanpora joan behar garela".

Horren aurrean mobilizatzeko deia egin du Salaberriak. "Herritar bezala oso garrantzitsua da kexak aurkeztea. Ez bagara kexatzen paziente eta biztanle bezala, horrela utziko dute Osakidetza, merkeago ateratzen zaie eta".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide