Azken urteetako ametsa gaur bete du Telmo Deunen nesken traineruak: Euskotren ligan aritzeko txartela lortu du taldeak eguerdian Portugaleten jokatutako play-offean. Sufritutakoa izan da, eta horregatik, denak pozarren ziren arratsaldean Erribera kalean.
Herritarrek, zaleek eta udal agintariek merezitako harrera egin diete 19:00etan Kofradia parean, eta aurrez, Gukaren galderei erantzuteko tartea hartu dute Kike Manterola entrenatzaileak, Aintzane Urbieta eta Jule Egiguren arraunlari zumaiarrek, eta Mirian Garagartza arraunlari azpeitiarrak (ikus bideoa).
Txarangaren atzetik, Erribera kalean behera iritsi dira arraunlariak denboraldiko bandera guztiak astinduz Kofradia parera, eta herritarren txalo artean balkoira atera dira gero. Hunkituta ikus zitezkeen hainbat arraunlari nahiz klubeko zenbait ordezkari, batez ere Jon Maiak bota dituen bertso ederren ondoren.
Ekitaldia denek elkarrekin kantatuz amaitu da.