Balenciaga ontziolako lan gatazka

Jendetza atera da kalera Balenciaga itxi ez dezaten eskatzera

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus 2024ko aza. 30a, 11:11

Balenciaga ontziolako 71 langileek lantegiari zabalik eusteko borrokan herritarren babesa badutela ikusi da. LAB eta CCOO sindikatuen deiari erantzunez, ehunka lagun atera ziren kalera atzo Balenciaga ez itxi lelopean egindako manifestazioan. Ontziolako langileek haien egoera ikusgarri egitea dute xede.  

Jende ugari atera zen kalera atzo, ostirala, Balenciaga ontziolako langileei babesa agertzera. Balenciaga ez itxi lelopean egin zuten manifestazioa, ontziolatik hasi eta Eusebio Gurrutxaga plazan bukatu arte. Askotariko aldarriak entzun ahal izan ziren mobilizazioan zehar, erakundeei erantzukizuna eskatzen edota ontziola itxi ez dezaten galdegiten. 

Imanol Beloki Balenciagako langile batzordean LABek duen ordezkariak adierazi duenez, orain eztanda egin duen auzia ez da berria, aspalditik dator, baina langileak enpresarekin batera gauzak isilean eramaten saiatu dira kontuak ahalik eta ondoen joan zitezen. Azken asteotako gertakariak, baina, jokatzeko modua aldatzera bultzatu dituela esan du. "Ikusi dugu gauzak ez doazela aurrera, hartzekodunen lehiaketan sartu gara, eta aste honetan hartu dugu erabakia gure egoera ikusgarri egiteko eta gure kezka eta aldarrikapena zabaltzeko". Horrexegatik dei egin zuten mobilizatzera ere.

Aste honetan hainbat erakunde publiko eta alderdi politikorekin bildu dira Balenciagako langileen ordezkariak, eta bilera horiek "ondo" joan direla esan du Belokik. "Denek adierazi digute ulertzen dutela gure egoera eta saiatzen ari direla arazoari konponbidea ematen, eta elkarlanean ari direla gainera. Ondo iruditzen zaigu hori, guk ere uste genuen gure enpresako zuzendaritzaren negoziazioak bide horretatik zihoazela, baina konturatu gara hor badaudela arazo potolo batzuk, batez ere zor publikoarekin, eta hori deigarria da baita ere".Babesa ematea eta gauzak konpontzeko borondatea izatea ontzat jo ditu LABen ordezkariak, baina auzian inplikazio handiagoa eskatu die alde guztiei. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide