Traineru denboraldiak ez du etenik. Asteburu honetan ere Euskotren eta KAE 1 ligetako estropadak izango dituzte Telmo Deun arraun elkarteko arraunlariek. Emakumeak zein gizonak sentsazio onekin aritu dira lanean azken jardunaldietan, eta asteburuan arraunean gozatzeko asmoz uretaratuko dira.
Bihar bertan zen asteburuko lehen estropada jokatzekoa, Castron (Espainia), KAE 1ekoa, baina iragarritako beroa dela eta, estropada bertan behera uztea erabaki du KAEk. Gaur gaurkoz, ez dakite estropada hori beste egun batean jokatuko duten edo ez. Egun bat geroago, larunbatean, eguerdiko 12:00etan hasita, Zarautz Arraun Elkartearen XVI. ikurrila jokatuko dute, Zarauzko uretan.
Duela aste batzuetako pattalaldiaren ondoren –estropada batean kanporatu ere egin zuten–, azken hitzorduetan sentsazio onak berreskuratu dituzte, eta horren adibide da pasa den astean Camargon (Espainia) lortutako hirugarren postua. Seigarren da egun Zumaiako gizonen ontzia, eta sailkapenean postu bat igo nahiko dute. San Pedro da gaur egun bosgarren, Zumaiak baino puntu bat gehiagorekin.
Euskotren liga lehiatzen ari den Saregileak traineruak matematikoki lortu nahiko du denboraldi hasieran ezarritako helburua, mailari eustea hain zuzen. Gaur gaurkoz laugarren da Zumaia-Delteco Euskotren ligan, eta 18 puntuko aldea dute jaitsiera postuetan dauden traineruekiko. Arraunlariek beraiek dioten bezala, "gauzak oso gaizki egin beharko dituzte beraiek eta oso ondo aurkariek".
Hitzordu bikoitza izango dute saregileek asteburuan, biak ere Zarautzen. Izan ere, Zarauzko XVII. ikurrina jokatuko dute larunbatean eta igandean, bi jardunalditara. Larunbateko arraunketa saioa 17:25ean hasiko da, eta igandekoa 11:25ean.