Ontzi berria egiten hasiko dira egunotan Balenciaga ontziolan. Iazko urte amaieran Abu Dhabi Ports Group enpresak Zumaiako fabrika erosi zuenetik eraikiko duten lehen ontzia izango da. Albiste garrantzitsua izanik, ekitaldia antolatu dute bihar goizerako Balenciagak Santiago auzoan duen faktorian.
Goiz partean egingo duten ekitaldian izango dira, besteak beste, Balenciagaren jabe den enpresako ordezkariak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. Ordezkari politikoak bertan direla jarriko dute ontzi berriaren gila.
Arabiar Emirerri Batuetako enpresa taldeak 2025eko amaieran erosi zuen ehun urtetik gorako historia duen Zumaiako lantegia, urtebete baino gehiago iraun zuen lan gatazkari amaiera emanaz. 2024ko udazkenean sartu zen Balenciaga hartzekodunen lehiaketara. Iazko irailean adierazi zuen interesa Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erosteko, 11,2 milioi euroren truke, eta pasa den urte amaieran onartu zituzten langileek salerosketako baldintzak.