Nazioarte mailako taldekako proba garrantzitsuenetakoa da ISA World Surfing Games txapelketa, eta aurten El Salvadorren jokatuko dute, irailaren 5etik 14ra bitartean. Parte hartuko duten taldeen artean Espainiako selekzioa izango da. Hautatzaileak dagoeneko iragarri du zer surflarik hartuko duten parte aipatu txapelketan, eta horien artean izango dira Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak, eta Nadia Erostarbe zarauztarra. Hirurek osatuko dute selekzioko emakumeen taldea.
Egun Qualifying series zirkuitua lehiatzen ari dira bi surflari zumaiarrak, eta, duela bi aste Kornuallesen (Erresuma Batua) lortutako emaitzei esker, Europari dagokion sailkapeneko buruan dira biak ere: Annette Gonzalez-Etxabarri da lehena, 3.220 punturekin, eta bigarren Janire Gonzalez-Etxabarri, 100 puntu gutxiagorekin.
Denboraldi itzela egiten ari dira biak ere, eta udaberritik hona lortutako emaitzak dira horren erakusgarri. Marokon, Australian, Hego Afrikan, Frantzian edo Kalifornian jokatutako txapelketetako podiumetara igo dira surflari zumaiarrak.