Profesionaletara salto egingo du Maite Urteagak Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 13a

Maite Urteaga.

Profesional moduan arituko da txirrindulari zumaiarra 2027 eta 2028 denboraldietan Euskadi fundazioko emakumeen taldearekin. Iaz stagiaire bezala aritu zen talde hartan, eta Frantziako itzuli batean ere lehiatu zen. 

Maite Urteaga txirrindulari zumaiarra aurten egiten ari den denboraldi apartak fruituak eman ditu. Egun Zarauzko Eulen-Amenabar taldean korritxen ari den ziklista Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin arituko da datozen bi denboralditan. 

Hala iragarri du Euskadi fundazioko taldeak sare sozialen bidez. Gogoratu du iazko denboraldi amaieran stagiaire bezala aritu zela Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin. Frantziako hegoaldean korritzen den Ardècheko Tourrean aritu zen, eta lan ona egin bazuen ere, aurtengo denboraldirako ez zuten fitxatu. Esperientziarekin pozik zegoela aitortu zuen orduan Urteagak. 

Bere gaitasuna konfirmatu duen denboraldia izan da aurtengoa. Zarauzko taldean berriro ere, nagusi izan da amateurren denboraldian. Garaipenak eta postu onak bata bestearen atzetik lortu ditu Urteagak. Gipuzkoako eta Euskadiko erlojupeko txapelketak irabazi ditu, bigarren izan zen Eibarko Hiria sari nagusian, seigarren Espainiako txapelketan –elite kategorian bigarren–, 120 kilometrotan ihes eginda aritu eta gero, eta bigarren orain astebete Portugalgo Itzulian. Herritarren txaloak ere jaso zituen Urteagak Kofradian egindako harrera ekitaldian.

Datorren urtean, ordea, profesionaletara salto egingo du. Iaz dastatu zuen zer zen maila goreneko txirrindulariekin aritzea, eta hurrengo bi urtetan tropeleko parte izango da Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin. Taldeak sare sozialetan esan bezala, "etxeko talentua, ausardia eta erasorako grina" eskainiko ditu Urteagak "gure proiektuari gehitzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide